Gaur maiatzaren 23an, Osalanek antolatutako Lan Arriskuen Prebentzioaren III. Nazioarteko Biltzarra dela eta, LABeko delegatuok Euskalduna Jauregiaren aurrean elkarrateratzea egin dugu. kontzentrazio horrekin salatu nahi izan dugu Kongresu hau paperera bideratua dagoela eta hauteskundeei begira eginiko ekintza bihurtuko dela, Patxi Lopezen exekutibaren gainbeherari jarraipena emanez. Horregatik guztiagatik, honako lelo honekin egin dugu protesta: “Zuen propagandaren gainetik, gure osasuna eskubidea da”. Aldarrikatu dugu langileen osasunak ezin daitekeelako egon zortearen edo egoera ekonomikoaren menpe.
Osasunaren galerak ez dira ematen ezagutza tekniko edo medikoen gabeziengatik, arrisku eta konponbideak ezagutzen dira baina ez da prebentziorik egiten. Eta horixe da exijitzen duguna, gure osasuna eskubidea dela eta diru publikoak propaganda egiten gastatu beharrean, egin behar dutena da benetako neurri eraginkorrak ezartzea langileok osasuna, eta gehiegitan bizitza, galtzen jarrai ez dezagun lanean edo lanpostuaren erruagatik.