LABek kezka handiz aztertu ditu Osasun kontseilari berriaren lehen ekintzak eta ekintza faltak. Alderdi sozialarekin lehen bilera Medikuen sindikatuarekin egin zuen, nahiz eta une horretan gatazka kolektiborik ez zegoen. Gainerako erakundeak bazter uztea nahikoa ez eta, politikagintzan eta gizarte-arloan izaera erreakzionarioa duenarekin bildu zen.
Bestalde, zuzendari nagusiak lehenengo irteera ofiziala egin zuen Opusen Klinikako lehen transplantea egin zeneko 50. urteurrenera. Osasunbideak hainbat hamarkadatan ikusi du organo, ehunen eta odolaren kudeaketan eta garapenean nola eragin duen klinika horren esku-sartzeak. Gainera, Nafarroako Ospitale Guneko gerentea Alberto Lafuente izanen dela zehaztu da, CUNko medikua bera, eta horrek ekarriko du, itxuraz, Opusen aldeko lerrotzea eta Osasunbideko profesionalei mespretxua.
Ekintza eta gertaera horiek "adiskidetzailetzat" aukeztu dituzte, Nafarroako sektore erreakzionario eta kontserbadoreetarantz; sektore horiek, ordea, historian zehar, gure osasun publikoaren bideragarritasuna arriskuan jarri izan dutenak izan dira.
LABek kezka handia du legealdiaren hasiera honetan. Gure ustez, kontseilariak beste jarrera batzuk erakutsi beharko lituzke Osasunbideak behar duen eraldaketa gauzatzeko; alegia, ez luke tematu behar eraldaketa hori bera lortzeko trabarik handiena ordezkatzen duten erakundeekin adostasuna bilatzen.