Datorren irailaren 27an, larrialdi klimatikoa dela-eta nazioarte mailako mobilizazio egunaren aurrean, LAB sindikatuaren ohiko jarduna geratu egingo da. 11:00etatik 13:00etara, bi orduz, LABeko egoitzak itxita izango dira. Geratu egingo gara, krisi klimatikoari eman beharreko erantzun ekosozialistari buruz gogoetatzeko. Aldaketa etxetik hasten baita. Ekimen honekin LAB-ek kapitalismo heteropatriarkal eta ekozidaren kontra agertu eta burujabetza ekosozialista eta feministaren aldeko apustua berretsi egin nahi du. Era berean, deitu diren mobilizazioetan aldarrikapen propioekin parte hartzera deitzen ditu langileak.
Kapitalismoaren bilakaera bortitzak pertsonen eta planetaren jasangarritasuna kolokan jartzen du, langileon bizi eta lan baldintzen prekarizazioa kronifikatuz. Argi dugu krisi integral honen aurrean, kapitalismotik sustatzen ari diren proposamen sasiekologistak ez direla inolaz ere alternatiba. Horregatik, ezinbestekoa da agenda sozial bat martxan jartzea, langileon beharrizanak jasoko dituena eta printzipio ekologista, feminista zein justizia sozialean oinarrituko dena. Zentzu horretan, burujabetza, alternatibak egikaritzeko ezinbestekoa izango da.
Euskal Herrian eta mundu zabalean, trantsizio ekosozialista baterako oinarriak jarri behar ditugu, denbora galdu gabe. LABetik norabide horretan hainbat urrats ematen ari gara eta berandu baino lehen gure praktika soziosindikalean proposamen ekosozialistak txertatu eta sindikatu bezala dugun praktikan konpromiso zehatzak hartuko ditugu.
Geratu, pentsatu eta ekin. Hori da LABetik planteatzen duguna ekosozialismoaren bidean aurrera egiteko. Eta horrela egingo dugu irailaren 27an gure egoitzetako pertsianak jaitsi eta jendaurreko arreta etenda. Gelditu egingo da sindikatua, eztabaidarako, hausnarketarako eta ekinbide berriak adosteko. Lan mundua eraldatuko badugu, ezinbestekoa baita sindikatua eraldatzea.
Irailaren 27an, 11:00etan, bi orduko etenaldiari ekiteko orduan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak agerraldia egingo du LAB sindikatuaren Bilboko egoitzaren kanpoaldean, sindikatuaren irakurketa plazaratzeko.