2024-11-22
HomeOharrakZerbitzu PublikoakLAB SINDIKATUAK 31rako EUSKAL SEKTORE PUBLIKOAREN ETA BURUJABETZA EKONOMIKO ETA POLITIKOAREN ALDE...

LAB SINDIKATUAK 31rako EUSKAL SEKTORE PUBLIKOAREN ETA BURUJABETZA EKONOMIKO ETA POLITIKOAREN ALDE INDARRAK BILTZEKO DEIA EGITEN DU

ELA, STEE-EILAS, ESK eta LAB sindikatuok maiatzaren 3an Bilbon eta maiatzaren 4ean Iruñean agerraldiak egin genituen maiatzaren 31rako greba deialdia iragarriz zerbitzu publikoetan.

Agerraldi horietan esan genuenez Estatuko Aurrekontuen Legeak, zein zerbitzu publikoen eremu ezberdinetan Madrildik datozen ari ziren erreforma estruktural ezberdinek (hezkuntzan, osasungintzan, justizia, Menpekotasunerako Legeak eragindako gizarte zerbitzuak, …) jauzi kualitatibo handia suposatzen dute zerbitzu publikoen eraispenean, gure lan baldintzen okertzean eta enplegu publikoaren suntsiketan. 
LAB sindikatuaren ustetan, greba iragarpen hori egin genuenetik hona zerbitzu publikoen kontrako ofentsibaren larriak bere horretan dirau, okertu ere egin da. Erreforma hauek apustu estrategiko baten lehen urratsa besterik ez direla azprimarratu nahi dugu. Pasa den astean hezkuntza eta osasungintzaren erreforma Kongresuan onartu egin ziren (Wert ministroaren esanetan hezkuntzaren erreforman onartutakoa neurri isolatuak besterik ez dira, benetako erreforma ondoren etorriko omen da; eta osasun sisteman ere iragarria dute osasun zerbitzuen karteraren erreforma). Aipatutako ofentsiba okertu egin da baita hainbat ordezkari politiko autonomista demagogikoki eta helburu elektoralista hutsez iruzurra egiten saiatzen ari zaizkigulako.

Egia da, EAEn nahiz Nafarroan, Gobernu autonomikoetako zenbait ordezkarik erreforma hauetako batzuekiko euren itxurazko kontrako jarrera azalarazi dutela (esaterako, PSNko Jimenez-ek osasun sistemaren erreformaren aurrean helegitea aurkeztea aztertzen ari zirela adierazi zuen, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek urduritasunez antzeko jarrera adierazi dute, baina honen aurrean bi zehaztasun egin nahiko genituzke:

• Adierazpenak maiatzaren 3ko agerraldiaren aurretik jada eginak zituzten, beraz, ez dira ezer berria.
• Adierazpen horiek ez dute – sindikatu guztiok esan dugun bezala – inolako sinesgarritasunik.
 

Zentzu honetan PSNko zein PSEko ordezkariek adierazitako itxurazko kontrako jarreraren inguruan ere hainbat galdera eta argipen egin nahi ditugu:

Benetan pentsatzen al dute Celaa andereak edo Jimenez jaunak Helegite Konstituzio-aurkakotasun errekurtsoaren bidez erreforma hauek geraraziko dituztela? EZ, OSO ONDO DAKITE EZETZ.

Azken batean beraiek defendatzen duten marko juridikoan ondotxo baitakite Espainiar Gobernuak duela zerbitzu publikoen ereduaren definizioan azken hitza. Badakite bide hau erabat antzua dela baina haien hauteskunde helburuetarako oso ondo datorkie.

Badakite gatazka politikoa planteatu ezean neurri eta erreforma hauek bai ala bai aplikatu behar izango dituztela. Badakite une honetan erasoaldi honen aurrean defentsa bide bakarra politikoa dela; gure zerbitzu publikoen eredua eta gure lan baldintzak hemen inolako mugapenik gabe nolakoak izan behar duten erabaki ahal izateko eskubidea defendatzearena, alegia. Prest al daude Patxi Lopez eta Roberto Jimenez jaunak bataila politiko hori emateko? EZ! Bada ez daitezela bien bitartean inor engainatzen saiatu!

Estatuko Aurrekontuetan ezarritako neurrietako asko jada aplikatzen ari dira hemengo administrazioetan: lanpostuen erreposizio tasa hutsa izatea, LEPak egiteko debekua, soldaten murrizketa eta izozteak, bajengatiko ordezkapenak mugatzea…

Are gehiago, Patxi Lopezen Gobernu baskongadoa aitzindari izan da murrizketa askotan: zerbitzu publikoetarako aurrekontuak urterik urtera gehiago mugatzea, langileen lan baldintzen aurka eginez, hala nola, aldibaterako lan ezintasunetako osagarriak kentzea (gaixotasun eta istripuengatikoak), borondatezko jubilaziorako primak kentzea, errelebo kontratuak bertan behera uztea eta abar.

Espainiako Politika Fiskalaren Kontseiluan gobernu autonomiko biek ala biek bat egin dute Madrildik ezarritako defizit publikoaren mugapena onartzean, eta bete ahal izateko, litekeena da laster murrizketa gehiago egin behar izango dituztela adieraztea.

Beraz, esan bezala maiatzaren 3tik hona gure susmo eta iragarpen txarrak berresten ari dira: erreforma jarraien bidez zerbitzu publikoen eraispenera garamatzan ofentsiba oso baten aurrean gaude, eta bestalde, ofentsiba hori geratzeko bitarteko politikorik gabe gaude.

Hala, ez dugu konpartitzen greba deialdia bertan behera utzi izana. Are gehiago, LAB sindikatuan pentsatzen dugu zerbitzu publikoen kontrako erasoaldiak jauzi kualitatiboa eman duen moduan, erantzunean ere guk jauzi kualitatibo handia eman behar dugula.

Zer esan nahi dugu? Bada, orain arteko protesta eta mobilizazioak ez direla nahikoa izan ofentsiba oldarkor hau geratzeko eta, estrategia erresistentzialista hutsetik estrategia sindikal ofentsibo eta eraikitzaile batera jauzi egin behar dugula. Estrategia ofentsiboa zentzu ezberdinetan: batetik, bertako instituzioak behartu behar ditugu zerbitzu publikoak garatzera eta enplegu publikoa sortzeko zein lan baldintzak hobetzeko neurri fiskal eta presupuestarioak hartzera; eta bestetik, Madrilen aurrean gure lan baldintzak zein diren eta gure zerbitzu publikoen eredua zein den erabaki ahal izateko eskubide politikoa aldarrikatu eta egikaritzeko aliantzak eraiki behar ditugu.

Maiatzaren 31ko deialdia gogoeta hau langileekin zein herritarrekin konpartitzeko aukera izango da.

Hala, egun horretan Nafarroan egun osoko greba egitera deitzen dugu, eta EAEn lan zentro guztietan bi orduko lanuzteak, baita 11.30etatik 13:00etara kontzentrazioak egitera herriko plazetan herritar/erabiltzaileekin gure irakurketa konpartitu ahal izateko, eta arratsaldez manifestazioak burutuko ditugu.

Euskal Herrian, 2012ko maiatzaren 22an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.