Gaur den egunean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileek eskubide gutxiago dituzte arlo horretan. Adibidez, edoskitzea ukatzen zaie eskubide indibidual gisa (oraindik ere eskatzen baitute frogatzea beste gurasoak ez duela hartzen baimen hori), eta ukatzen zaie, orobat, beste gurasoari dagokion atsedenaldia zatika hartu ahal izatea.
Duela hilabete batzuk Madrilen onartutako Errege Dekretuak Langileen Estatutua eta Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua aldatu ditu. Dena dela, Nafarroako langileak, eskubide horiei dagokienez, foru araudian ezarritakoaren menpe daude, eta araudi hori oraindik ez dute aldatu/egokitu. Horrenbestez, ezin dituzte erabili gainerako aita-amek dituzten eskubide batzuk.
Arartekoak behin baino gehiagotan adierazi du foru araudia lehenbailehen aldatu beharko litzatekeela edo beste araudi berri bat onartu beharko litzatekeela. Momentuz, zenbait hilabete igaro badira ere, Nafarroako Gobernuak ez du ezer aldatu. Hortaz: zer gertatzen da araudia aldatu bitarteko aldi honetan?
LABen argi dugu foru araudia aldatu bitartean Administrazioak onartu beharko lituzkeela langileek eskubide horiez baliatzeko egiten dituzten eskaerak, hala ezarrita baitago Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan. Eskubide horiek erabili ezin dituzten langile publiko bakarrak dira nafarrak, Estatu osoan.
Horregatik, Funtzio Publikoari eskatzen diogu, foru araudia aldatu edo arau berria onetsi bitartean, onar ditzala gurasoek eskubide horiez baliatzeko aurkezten dituzten eskaerak, funtsezko eskubideak direlako, eta, beraz, Nafarroako Administrazio Publikoetako langile guztiei zuzenean aplikatu beharrekoak.