2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzak egindako EPE berri baten iragarpena propaganda hutsa da

Osakidetzak egindako EPE berri baten iragarpena propaganda hutsa da

Osakidetzak iragarri berri du familia mediku zein pediatrentzat EPE berria martxan ipiniko duela, 215 plaza betetzeko. LABen iritziz, iragapen mediatiko hau Osakidetzako zuzendaritzari pilatzen ari zaizkion arazoak estaltzeko propaganda saiakera baino ez da. Azken finean, iragarritako 215 plaza horiek ez dira berriak izango, aspaldi onarturiko 1.083 plazako EPE prozesu horren parte baizik.

Osakidetzak iragarri berri du familia mediku zein pediatrentzat EPE berria martxan ipiniko duela, 215 plaza betetzeko. LABen iritziz, iragapen mediatiko hau Osakidetzako zuzendaritzari pilatzen ari zaizkion arazoak estaltzeko propaganda saiakera baino ez da. Azken finean, iragarritako 215 plaza horiek ez dira berriak izango, aspaldi onarturiko 1083 plazako EPE prozesu horren parte baizik.

Osakidetzak konpondu gabeko arazo asko eta larriak dauzka aurrean: Lehen Arretako egoera penagarria, pasaden kurtsoan hiru greba ekarri dituena; aurreko EPEan gertaturiko filtrazioen gaineko prozesu judiziala; eta garapen profesionalaren ordainketa eta deialdi berria egitea, besteak beste. Eta berauei heldu behar den moduan heldu beharrean, euren irudi publikoa garbitu nahi dute EPE prozesuak modu bihurrian erabiliz.

Deialdi berri honen aurrean, LABek hurrengoa esan nahi du:

• Gardentasun falta: 215 plazako prozesuaren berri komunikabideetan izan dugu sindikatuok, langileon ordezkaritzaren gainetik salto eginda. Hau ez da serioa. Salatu behar dugu ekainean egindako azken Mahai Sektoriala, lehen arretari buruzko monografikoa gainera, iragarpena eta informazioa emateko lekua eta momentua zela, ez mikrofonoen aurrean. Bestaldetik, ezin da onartu soilik sinatu zuten sindikatuek jasoko dutela informazioa: sinatu ala ez, langileon ordezkari guztiok informazio hori jasotzeko eskubidea daukagu.

• Ez-nahikoa: 215 plaza horiek ez dute konponduko Lehen Arretan eta Osakidetzan dagoen egoera. Alde batetik, mediku gehiago behar direlako. Plaza horiekin gaur egun prekarioan ibiltzen diren 215 medikuk euren egoera egonkortzeko aukera izango dute, baina horiek gaur egun ere lanean dabiltza. LABek egindako ikerketaren arabera, gutxienez medikuen kontratuen %77 (hortik aurrera) prekarioak dira. Kontuan hartuta Osakidetzak kategoria guztietako 3.000 plaza ezkutatzen dituela kontratu prekarioen atzean eta 2028 urtera arte urtero 1.000 langile jubilatuko direla, 7.000 plaza beharko genituzke momentuz egoera egonkortzeko. Osakidetzak eta Satse, SME eta UGT sindikatuek sinatu zuten 1.083 plazako EPEak (horien barruan daude orain iragarritako 215 plaza horiek) ez ditu betetzen, ezta azken EPEtik jubilatu diren langileen hutsuneak ere.

Bestaldetik, azpimarratu behar dugu Lehen Arretako egoera ez dela soilik medikuekin konpontzen. Arazoa haratagoa doa eta eredua bera aldatu behar da errotik. Gainontzeko kategorien kopurua ere handitu behar da eta sakoneko aldaketak egin.

Lehen Arretaren egoera hobetzeko negoziazioa behar da, hartu beharreko neurriak denon artean adosteko. Baina hiru greba egin ostean, Osakidetzak negoziazio errealik egin gabe jarraitzen du, bat-bateko neurri partzialak ezartzen eta jendartearen eskubideak murriztuz, osasun zentroen ordutegien murrizketarekin egin duen bezala.

• Kategoria guztiak beharrezkoak dira: Osakidetzak adierazitakoaren arabera, badirudi 1.083 plazak mediku eta erizainentzat izango direla. Honen aurrean, gainontzeko kategorien beharra eta garrantzia aldarrikatu nahi dugu.

• Gardentasun propagandistakoa: Familia mediku eta pediatren prozesuan filtrazioak ekiditeko neurriak erabiliko direla ozenki iragarri du Osakidetzak, baina esan behar dugu kategoria horietan, hain justu, inoiz ez dela aparteko arazorik sortu filtrazioekin. Sindikatu guztiekin adostu ez dituen neurri horiek mediku espezialisten kategorietan aplikatu behar dira, praktika ustelak eta mafiosoak bertan daudelako erroturik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.