Nafarroako Gobernuak ekainean sinatutako konpromisoa beteko zela berretsi zuen: administrazioko langileek udan %0,25eko igoera jaso ondoren, hurrengo hilabetean itunpeko langileek jaso behar zuten, baina hau oraindik ez da gauzatu. Nafarroako Itunpeko Akordioan, 2018-2019 urteetan, funtzionarioenei proportzionalki egindako soldata igoera itunpeko langileei ere egingo zitzaiela sinatu zen. Puntu honek atzeraeraginezko izaera (atzerapenak ere jaso beharko genituzkeela) dauka. Aurreko %0,25 horri, 2016ean funtzionarioei igo zitzaien %1 itunpeko langileek ikusi ere ez dutela egin gehitu behar zaiola gogorarazten du LABek.
Beste alde batetik, aurreko gobernuarekin, administraziopeko irakaskuntzan ordu lektiboekin egin den bezala eta akordioan islatu den bezala, 2012 urteko murrizketaren leheneratzea adostu genuen baina hauteskunde aurreko astean agindutako leheneratze hau ez zuten sinatu nahi izan. Honek %2,5 irakasleentzat eta %2 ez irakasleentzat suposatzen du. Gauzak horrela, bai aurreko gobernuan eta baita egungoan ere Geroa Bai dagoela kontuan izanik, bere hitza bete dezan eskatzen diogu.
Itunpeko irakasleek funtzionarioen %95eko ordainsarien analogia izan beharko lukete eta %91,25ean daudela salatu du sindikatuak.
Indarrean dagoen akordioa abuztuaren 31n bukatu zen baina 2020ko ekainaren 30era arte luzatu da berri bat negoziatzen den bitartean. Hezkuntza Departamentuari negoziazioa ahalik eta azkarren hasteko eskatzeaz gain, egoera bere onera ekartzeko hartu beharreko neurriak har ditzala galdegiten dio LABek. Bestela LABek ekintza sindikalari ekin eta Departamentuak parez pare izango duela jakinarazi du sindikatuak.