Grafikagintzako langileak, Irailaren 25 eta 26 eta Urriaren 2 eta 3an, berriro ere mobilizatuko gara, guztiontzat izango den sektoreko hitzarmen duin baten alde. 4 greba egun hauek, ekaina eta uztailan zehar burututako greba egunei gehitzen zaizkie, eta horrela sektoreak 8 greba egun burutuko ditu. Eta ez dira azkenak izango, izan ere, sektorearentzat justua eta onargarria den hitzarmen bat lortu arte mobilizatzen jarraituko baitugu.
LAB, ELA eta UGT sindikatuok ADEGIren negoziazio borondate falta eta arduragabekeria salatzen dugu. Duela 8 hilabete hitzarmenaren negoziaketak hasi zirenetik, patronala KPIari lotutako igoera soil bat bakarrik eskaini du, langileen eskaera guztiak baztertuz. Gure jarrera negoziatzailea izan den arren, ADEGIK jarrera zorrotza mantendu du, negoziaketarako ateak itxi eta sektorea konfrontaziora eramanez.
Zorionez, egun sektoreak bizi duen egoera ona da, Enpresetako lan karga handia da, eta ondorioz ADEGIren jarrera ulertezina eta onartezina egiten zaigu. Enpresa proposamena hobetzeko margena handia da. Soldata igoera batez gain, lan baldintzak hobetuko dituzten puntuak sartzea ezinbestekoa da. Soldata igoera duinak, lizentzien egokitzapen eta hobekuntzak, kontratazioetan hobekuntzak, hitzarmenaren blindajea eta errelebu kontratua dira hitzarmenean sartu ahal eta behar diren puntuetako batzuk.
Patronalaren esku dago, sektorea Irailaren 26 eta 26 eta Urriaren 2 eta 3an grebara joan edo ez. ADEGI izan zen sindikatuen proposamenak ukatu zituena. ADEGI izan zen, mahaitik altxa zena eta erreflexio bat egin behar zuela esan zuena. 3 hilabete beranduago, erreflexio horren emaitzak ezagutu gabe jarraitzen dugu. Beraz ADEGI izan zen sektorea konfrontaziora eraman zuena eta ADEGIk izan behar du negoziazioaren aldeko apustua egin behar duena, mahaira sindikatuen eskaerak kontuan izango dituen proposamen serio bat eramanaz.
Hau horrela ez bada, hemen gauden sindikatuok mobilizatzen jarraituko dugu eta akordio duin eta justu bat izan arte greba egun gehiago deituko ditugu.