2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaEAEko Hezkuntza eta EHUko garbitzaile azpikontratatuen borrokak aurrera jarrai, ikasturte berrian ere

EAEko Hezkuntza eta EHUko garbitzaile azpikontratatuen borrokak aurrera jarrai, ikasturte berrian ere

Ikasturtearen irekierarekin, elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon eta Donostian, atzo Gasteizen egin bezala. Hezkuntzako eta EHUko garbiketa kontraten EAEko hitzarmena negoziatzen hasi eta ia bost urte igaro direnean, egoerak blokeatuta jarraitzen du.

Hauxe da LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon ohar bateratua:

Eusko Jaurlaritzarentzat lan egiten duten langileen artean soldata-arrakala dago, eta honekin erabat eroso sentitzen dira Lakuan. Langile publiko eta azpikontratatuen artean dagoen soldata desberdintasuna dago, garbitzaileen artean 2.200 euro baino gehiagokoa dena.

2000. urtean, Hezkuntza eta UPV-EHUko garbitzaile azpikontratatuen borroka eredugarri baten ondorioz, urteetan zehar aldarrikatutako soldata-ekiparazioa lortu zen.

Hala ere, ekiparazio hau ez zen inoiz errealitate izatera heldu, 2.200 euroako osagarri bat existitzen zelako, “lanaldi zatitua egiteagatiko osagarria” deitzen zena eta urteko soldata gordinetik salbuetsi egin zena.

Osagarri hau duela hainbat urte urardotu zen eta gaur egun, langile publiko guztiek jasotzen dute, aurrera eramaten duten lanadia edozein izanik ere. Enpresek eta Eusko Jaurlaritzak berak, baieztapen hau ukatu egin dute denbora luzez, zuzenean gezurrak esanez edo erantzun anbiguak ematen gai honi buruz galdetzen genuen bakoitzean. Hori gutxi balitz, balizko ekiparazio egoera baten aurrean osagarri hau jasotzeko dugun eskubide zilegia frogatu dugunean, erantzun digute, agian arrazoia izango dugula, baina nahiago dutela ez ordaindu.

Horrela, UPV/EHU eta Hezkuntzako Garbiketa kontraten EAEko hitzarmena negoziatzen hasi eta ia bost urte igaro direnean, egoerak blokeatuta darrai eta langileak kolapsotik gertu.

Azken urte hauetan hamaika mobilizazio egin ditugu. Hainbatetan aldarrikapenak moldatu behar izan ditugu akordioaren lorpena errazteko asmoz. Bost egunetako greba aurrera eraman genuen ere. Baina patronalak ez du inolako aurrerapausorik eman. Azken bileretako eszenatokia txundigarria da, enpresek ahoan legarrik izan gabe, baieztatzen digutelako bezeroa bera dela soldata igoera hori onartu nahi ez duena, azpikontratazioa eta prekarizazio egoera honen aurrean eroso sentitzen dena; nahiz eta langile hauetariko askok, 25 urte baino gehiago daramaten haientzat lan egiten.

Nazkatuta gaude eta horregatik, berriro ere, mobilizazioetara jotzea erabaki dugu. Mobilizazio hauei gaur emango diegu hasiera baina areagotu eta biziagotu egingo dira Hitzarmenaren sinadura lortu arte. Lan baldintza duin batzuen defentsan, goazen 2.200 eurotako desberdintasun horrekin amaitzera. Hezkuntza/UPV-EHU, dagokiguna ordaindu!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.