2024-11-22
HomeNazioartea IdazkaritzaHarremanakHarremanak sendotu ditugu Portugalgo CGTP IN sindikatuarekin, Europan agenda eraldatzaile bat martxan...

Harremanak sendotu ditugu Portugalgo CGTP IN sindikatuarekin, Europan agenda eraldatzaile bat martxan jartzeko bidean

LAB sindikatuak nazioartean dituen harremanen baitan, Portugalera bidaia garrantzitsua egin berri dute Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Koldo Saenz Nazioarteko Harremanetarako idazkariak, CGTP IN federazio sindikalak gonbidatuta. CGTP IN Portugalgo konfederazio sindikal nagusiena da, eta 800.000 afiliatu inguru ditu.

Bidaia garrantzitsua diogu, alde batetik, Europako aliantzei begira CGTP IN konfederazioarekin harremanak estutzea dakarrelako, eta, beste aldetik, Portugalgo egoera politiko, ekonomiko eta soziala bertatik bertara ezagutzeko aukera eman digulako. Era berean, bidaia hau Europari buruz bi sindikatuok dugun ikuspegia elkar-trukatzeko aprobetxatu dugu, eta ultra-eskuinaren mehatxuaren aurrean ezkerretik alternatibak nola indartu izan dugu hizpide, besteak beste. Bide horretan, klase sindikatuetatik Europari begirako agenda sozial eta demokratiko alternatibo eta eraldatzaile bat martxan jartzeko beharra partekatu dugu.

Portugalgo egoera aztertzeko parada eskaini digu bidaiak: erreskatea eta haren eragina, ezkerreko alderdien aliantza eta ondorioak. Aldaketa prozesua betean da Portugal: langabezia, defizita, eta zor publikoa jeitsi egin dira, pentsioak igo dira, etxebizitza alorrean neurri aurrerakoiak aplikatzen hasi dira… baina aldaketan ez sakontzeko arriskua ere bada, eta horrek mugimendu sindikalaren papera are garrantzitsuagoa bihurtzen du une honetan, ulertuta aldaketan sakontzeko berme bakarra dela langileria eta herriak bide horretan jartzea.

Eraikuntza arloan, lankidetza hitzarmena
Bestalde, bidaia berean, LAB sindikatuak eta Portugalgo FEVICCOM sindikatuak (CGTP IN barruan dagoan eraikuntza, zeramika eta beira sektoreko sindikatuen federazioa) lankidetza hitzarmen bat sinatu dugu: honekin, Portugalen dauden eraikuntza sektoreko LABeko afiliatuak eta, alderantziz, Euskal Herrian dauden eraikuntzako FEVICCOM sindikatuko afiliatuak sindikatu bien aldetik babestuak geratzen dira, eta zehazki aholkularitza juridikoa bermatuko diegu egon Portugalen nahiz Euskal Herrian. Modu honetan, langile migranteen lan eskubideak zaindu eta munduko langileen arteko elkartasun sareak josten jarraitzen dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.