2025-04-02
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaLangile publikoen egonkortasunerako aukera Europako epaiaren zain dago

Langile publikoen egonkortasunerako aukera Europako epaiaren zain dago

Aste honetarako Europako Epaitegiko Fiskalak espainiar estatuko behin-behineko langile publikoen egoerari buruzko iritzia argitaratzekotan zegoen. Izan ere Madrilgo osasun zerbitzuko hiru langileen egoera epaitzen ari dira, 12 eta 18 urte bitarteko aldi baterako kontratu kateatu ugari metatu dituztenak. Fiskalaren iritzia oso erabakigarria izan daiteke urrian zehar epaitegi horrek eman behar duen sententziari begira, zeinaren bitartez Hego Euskal Herriko langile publikoen ia erdien egoera, behin-behinekoena alegia, Europako irizpideak betetzen dituen ala ez ebatziko den.

LABek ere eskaera ugari bideratu ditu helburu berdinarekin, iruzurrean eta prekarietatean oinarritutako kontratazioak legearen kontra jo eta kontratu mugagabe bihurtzea hain zuzen ere. Esan bezala, Europan ebatziko den epaiketa langileen aldekoa izan ezkero oso onuragarria izan daitekeelakoan gaude, langile publikoen behin-behinekotasunari muga sendoak jarri eta egonkortasunari ateak erabat zabalduko lizkiokeelako.

Hain zuzen ere LAB, zuhurtzia eta erantzukizunagatik, Europako ebazpenaren zain dago erreklamazioen bideak judizializatzeko, argudio juridikoak ahalik eta sendoenekin jokatzearren. Gai delikatu eta larri honekin afiliazio edota diru-bilketa kanpainak egiteari ez deritzogu arduraz jokatzea. Gauzak behar besteko arduraz hartzea ezinbestekoa da, langileentzako koste ekonomikoak handiak izan daitezkeelako, eta kontrako sententziak erabat zoritxarrekoak.

Behin Europako Epaitegiak bere ebazpena ematen duenean LABek bere hurrengo urrats zehatzen berri emango du. Hala eta guztiz ere, emaitza bata ala bestea izan, ez gara bide juridiko hutsera mugatuko, eta borroka sindikalarekin ere jarraituko dugu. Euskal administrazioek erabateko erantzukizuna daukate langileen behin-behinekotasuna eta prekarietatearekiko. Epai hauen zain egoteak administrazioen benetako borondatearen zantzua besterik ez da, hots, ez daudela behartzen zaiena baino aurrerago joateko inolako asmorik, behin-behinekotasuna eta prekarietatea tresna garrantzitsutzat dutelako. Euskal administrazioetan enplegua egonkortzeko eta duintzeko tresnak baditugu, baina ohi bezala, borondatea da falta dena. Behartu ditzagun bada!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen greba egun arrakastatsua

Greba zikloaren 8. greba jarraipen zabala izan du. Milaka langile mobilizatu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen egindako manifestazioetan.

Grebara deitu dugu Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetan apirilaren 9an eta 10ean, lehen hitzarmena lortzeko borrokan

LABek eta ELAk proposamen bat eman diogu Aldundiari, bere lehen testuari erantzuteko. Sindikatuok ez dugu onartuko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuko ez dituen hitzarmenik.

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.