Mugimendu feministak eta beste zenbait eragilek agerraldia egin dugu, Sara-Izar Babes Plataformak iganderako deitutako manifestazioari atxikimendua adierazteko. Hain zuzen ere, manifestazioa 13:30ean abiatuko da Donostiako Bulebarretik.
Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako oharra:
Azken hilabete eta urteotan, mugimendu feministaren mobilizazioek argi utzi dute emakume, trans eta bollerok gure bizitzen jabe garela, eta gure herri, kale, etxe zein lantokietan libre eta seguru bizi nahi dugula. Horregatik ez dugula onartuko inolako erasorik. Eta horregatik erasotzaileei aurre egiteko asmoa dugula.
Aurtengo uda sasoia ordea, berriro SEXU ERASOez markatuak izan da. Eta hauetako asko gure herrietako jaien testuinguruan eman dira: Iruñea, Zarautz, Beasain, Barakaldo, Getxo, Baiona, Gasteiz, Ibarrangelu, Azkoitian emandako sexu erasoak aipa ditzakegu. Donostian bertan ere, Aste Nagusiaren testuinguruan izandako erasoek utzitako errealitate bortitzaren argazkia, benetan kezkagarria da.
Izugarria da salatutako eraso kopurua, kezkagarria zenbait hedabideen tratamendu mediatikoa, lotsagarria erasotuak artatzeko eskaintzen den baliabide eta babes falta, zentzurik gabea mugimendu feministarekin batera arazoari aurre egiteko lanari eutsi nahi ez izana erakunde nagusiek, onartezina zenbait erakundek egoerari ezikusiarena egiteko duten jarrera eta aldiz, honi aurre egiten dion mugimenduari neurri polizialekin erantzutea, ulertezina oraindik orain emakumeak susmagarri egin eta arduraren fokua gugan jartzea, …
Bai. Egoera kezkagarria da oso, onartezina. Emakume* izate hutsagatik hainbat gizonek gu erasotu, bortxatu nahi gaituztelako, gure askatasuna eta segurtasuna auzitan jarri nahian. Eta gu erasotzeko tentazioa izan dezaketen gizon batzuk interpelatu beharrean, emakumeoi* neurriak jartzeko eskatzen dabilenik badagoelako oraindik orain.
Eta haserre gaude. Haserre gaude eta horrela adierazi dugu burutu diren mobilizazio ezberdinetan. Espazio publikoa eta pribatua gureak ere badirelako, gure mugimenduen eta bizitzen jabe gu garelako. Eta ez dugulako onartuko inork inon eta inola, gure egunerokoa baldintzatzea, are gutxiago erasotzea. Horregatik guk argi daukagu, egoera honen aurrean autodefentsa feminista dela bidea.
Baina egiturazkoa den INDARKERIA MATXISTArekin amaitzeko, erroetara jotzeko, ezinbestekoa da egiturazko neurriak hartzea; neurri integralak, indarkeria matxista eragiten dituen inpunitate esparru guztiak hankaz gora jarriko dituztenak. Horretarako noski, ezinbestekoa da hitzetatik ekintza zehatzetara joango den konpromiso politikoa irmoa izatea, gure erakunde eta hiretako zoko guztietan gauzatuko diren konpromiso politiko argiak hartzea; eta horretarako noski, behar besteko bitartekoak eskaintzea, mugimendu feministaren autonomiari zilegitasuna emanez eta harekin batera elkarlanari eutsiz.
Ezinbestekoa da prebentzioan eragitea, kontzientziazioan, heziketan, sistema judizialean… Eta ezinbestekoa da emakume* bat erasotzeko tentazioa izan dezaken gizon oro interpelatzea, fokoa erasotzaileen gain jarriz. Ezinbestekoa den moduan guztiak, emakume* zein gizon, indarkeria matxistari aurre egiteko jarrera aktiboa izatea. Soilik jendartearen eraldaketan eragingo duen bideak eramango gaitu indarkeria matxistarik gabeko egoera batera.
Gaurko agerraldian IKUSTEZINAGOA den INDARKERIA MATXISTAK eragiten duen beste errealitate batean jarri nahi dugu arreta: BELDURREZ eta BABES GABE bizi diren emakumeen* errealitatean, hain zuzen.
● Asko dira, indarkeria matxistaren biktima izanda, egungo sistema
judizialera jo, eta libreki bizi ezin direnak, beldurrez edo eta babes gabe
sentitzen direnak.
● Jakina da egungo justizia ereduak, emakumeak* berbiktimizatzeaz gainera, ez diela euren beharrei behar bezala erantzuten.
● Egoera honen adibidea dugu Sara eta Izarren kasua,
◦ Erasoa eman zenean ez ziren ama-alabaren oinarrizko eskubideak bermatu. Izarren hil ala biziko egoera izanda ere, 24 egun igaro behar izan ziren Sara egun oso batez bere alabarekin egon ahal izateko, bitarte horretan umearen kustodia kendu ziotelarik. Ondoren eta Sarak askatasuna eskuratu bitarte, ugari izan dira emandako urraketak.
◦ Erasotik bi urte eskasera, epaile batek erasotzailearen kaleratzearekin ama-alaba beldurrez bizitzera kondenatu ditu; 24 orduko dispositibo telematikoa eramatea, babes poliziala… eta egoera honek suposatzen duen etengabeko tentsioarekin bizitzera (hilabeteotan erasotzailearen seinalea galdu izan da zenbaitetan, honek protokolo berezia aktibatzen duelarik).
◦ Eta orain, epaiketa ailegatzean, berriz ere justiziak har ditzakeen erabakien beldur. Akusazioa izanda ere, defentsa egin behar izatearen sentsazioaz, epaitua izatearen beldur.
Hau dela eta, Sara eta Izarrek gure babesa eta beroa dutela adierazteko, epaiketa justu bat izan dezaten aldarrikatzeko, erasorik gabeko bizitzak eta hiriak eraiki nahi ditugulako, eta oro har emakume, trans eta bollerok libre bizi nahi dugulako, Irailaren 8an 13:30tan Sara-Izar Babes Plataformak Donostian deitu duten manifestaziora atxikitzen gara eta jendartea bertan parte hartzera animatzen dugu.
Bide batez, agerraldi hau baliatu nahi dugu ezagutzera emateko badela ekimen bat martxan emakume* ugarik bizi duen babesgabetasun horren aurrean, egoera hau arindu, eta modu komunitarioan BABES SARE bat antolatzeko. Jakitun gara egoera iraultzeko sakoneko aldaketak behar direla, baina gure esku egon daitekeen horretan urrats bat ematera goaz. Datozen hileotan emango dugu honen berri zehatzagoa.
BENETAKO JUSTIZIA EMAKUME* GUZTIONTZAT! EMAKUMEOK* LIBRE!