2025-04-07
HomeEkintza SozialaInstituzioen utzikeriaren aurrean, erantzun sindikal orokorra beharrezkoa da prekarietateari eta langabeziari aurre...

Instituzioen utzikeriaren aurrean, erantzun sindikal orokorra beharrezkoa da prekarietateari eta langabeziari aurre egiteko

Abuztuko datuen arabera, 147.161 langabetu daude erregistratuta SEPEko bulegoetan, uztailean baino 3.075 gehiago. Gora egin du langabeziak, hortaz. Gehienak, %58,01, emakumeak dira, 85.376. Egoera honen aurrean, Tokian toki hedatzen ari diren lan gatazka zehatzak sustatzearekin batera, erantzun sindikal eta sozial orokorra proposatzen du LABek, bai bestelako enplegu politikak aldarrikatzeko, baita bestelako enplegu politika horiek gauzatzeko beharrezkoa den ahalmen legegilea eskatzeko.

Erregistratutako langabetuen adinari erreparatuta, ia erdiak dira 45 urtetik gorakoak (%49,96) eta multzo garrantzitsua osatzen dute 30etik 44 urtera artekoek (%34,10). Askoz gutxiago dira aldiz, 25 eta 29 urte artekoak (%8,86) eta 25 urtetik beherakoak (%7,06). Banaketa, aurreko hilabetekoaren beretsua da. Hain zuzen ere, enplegurako sarbide txarrena duten adineko langileak, 45 urtetik gorakoak, dira langabetu gehienak.

Adina eta generoa kontutan hartuta, adin tarte guztietan dago emakume langabetu gehiago gizonezkoak baino, 25 urtetik beherakoan izan ezik. Generoen arteko alde nabarmenena 30 eta 44 urteko adin tartean dago, langabetuen %60,7 emakumezkoa baita. Langabetu gehien biltzen dituen adin tartean, 45 urtetik gorakoan, %57,3 dira emakumeak.

Enpleguaren kalitateari dagokionez, aldi-baterakotasuna eta ezegonkortasuna nagusitzen dira. Abuztuko kontratu mugagabeak %6,40 baino ez dira izan. Lan eta zerbitzu bat egiteagatikoak %25,18 dira eta produkzioren baldintzengatik aldi baterakoak %51,49 dira. Guztira, kontratuen %93,60 izan da aldi-baterakoa. Emakumeen kasuan, %94raino igotzen da portzentaia. Nabarmenak aldi-baterakotasun kroniko honen arriskuak, langileen enplegu egonkor eta bizitza duina lortzeko oztopo ere badena.

Behin baino gehiagotan salatu dugun bezala, lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuak aurrera darrai Euskal Herrian. Instituzio publikoen enplegu planak ez dira gauza egoera aldatzeko, areago, ematen du instituzioen papera datu estatistikoak ematera mugatzen dela, prekarietatearen notarioak bailiran.

Egoera honen aurrean, ekintza sindikala indartzea beharrezkoa da. Tokian toki hedatzen ari diren lan gatazka zehatzak sustatzearekin batera, erantzun sindikal eta sozial orokorra proposatzen du LABek, bai bestelako enplegu politikak aldarrikatzeko, baita bestelako enplegu politika horiek gauzatzeko beharrezkoa den ahalmen legegilea eskatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek askatasun sindikala eskatzen du TUVISAn

Mobilizazioa egingo du ostiralean, apirilaren 11n, Gasteizen, TUVISAren aurrean (Agirrelanda, 2), goizeko 10:30ean.

Maiatzaren Lehen bateratuan Baiona klase elkartasunez eta borrokaz betetzera dei egin dugu

Maiatzaren Leheneko mobilizazio bateratua aurkeztu dute gaur Baionan LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires sindikatuok. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, klase elkartasuna eta borroka aldarrikatuko dituzte, eta baita aberasatasuna, enplegua eta zaintza lanak banatzeko beharra ere.

Guardianek 171 langile kaleratuko ditu inpunitate osoz eta Eusko Jaurlaritzaren pasibotasunaren eta gelditasunaren aurrean

Joan den asteazkenean amaitu zen, akordiorik gabe, enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldia Guardian Laudion. LABetik berriro ere irmo salatzen dugu itxiera hori ez dela gerora sortutako edo saihestezinezko egoera baten ondorioa, multinazionalak lantegia ixteko planifikatutako estrategia baten emaitza baizik. Guardianek nahita eragin ditu itxiera justifikatzeko baldintzak, eta, hasiera hasieratik, aurrez pentsatutzat jo dugu.