2024-11-22
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEusko Jaurlaritzaren gurasotasun lizentziaren dekretua propaganda hutsa dela eta gobernuaren gabeziak estaltzen...

Eusko Jaurlaritzaren gurasotasun lizentziaren dekretua propaganda hutsa dela eta gobernuaren gabeziak estaltzen dituela salatu dugu

LAB benetako borroka feministari helduta, klausula feministak proposatzen eta adosten dabil negoziazio eremu ugaritan. Gure ustez, gainera, dekretu hau anbiziosoagoa izan beharko litzateke. Banatu eta transferitu ezin den 18 asteko gurasotasun lizentziaren neurriaz gain, Jaurlaritzaren eremuaren gaindi ezartzeko probestu beharko litzateke, eta toki administrazioetan eta enpresa publikoetan ere egokitzeko aukerak jaso beharko lituzke. Baina, Eusko Jaurlaritzak gehiegietan adierazi du berdintasun planekin ardura eta konpromiso eskasa, propagandaren borondate hutsaren beste adibide bat.

Eusko Jaurlaritzak iazko otsailean iragarri zuenetik denbora askotxo igaro da, langile publikoon berdintasun politika guztia 18 asteko gurasotasun lizentziaren dekretu batera mugatzeko. Izan ere, urte eta erdi honetan emandako urratsak hutsaren hurrengoa izan dira: sindikatuokin ezer adosteko aukerarik gabeko bilera formal huts pare bat besterik ez, eta gaurkoz Gobernu Bileratik ez da oraindik pasatu, neurria arazorik gabe ezartzeko ezinbesteko tramitea.

Neurri hau onartzeko ez zen horrenbesteko komeriarik behar, dekretu bat sinatuta nahikoa zen eta; batez ere kontuan hartuta lehenagotik ere amek bazutela 18 asteko lizentziarako eskubidea. Halere, feminismoa den gai sentibera propagandarako baliatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak, bai eta hauteskunde garaian ere erabiliz, txiklea luzatuz. Gobernuaren gabeziak, eskaskeriak eta txapuzak propaganda kanpainekin ondo estalita ikusteaz aspertuta gaude dagoeneko.

Urratsak positiboan egiten direnean ongi etorriak izaten badira ere, neurri honi Jaurlaritzak berak ematen dion oihartzuna ikusita helmuga kutsua hartzen diogu. Hau da, aurrerapausorik ematen jarraitzeko asmorik ez diogu antzematen. Benetako politika feministak behar ditugu Euskal Herrian, lan erreproduktiboaren aitortza alegia, baina benetako feminismotik urrun, EAJ beti ibiliko da kontraesanetan, itxurakerietan eta paternalismoan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.