2024-11-22
HomeEkintza SozialaBizitza erdigunean jarriko duen eredu baten aldarria eraman dugu kontragailurrera

Bizitza erdigunean jarriko duen eredu baten aldarria eraman dugu kontragailurrera

Irun eta Hendaian egiten ari den kontragailurraren sustatzaileen artean dago LAB, G7 EZ! plataformaren baitan. Bada, sindikatuak berak lehen lerrora egin du jauzia topaketen bigarren jardunaldian, eztabaida eta mobilizazioetan eragile aktibo bilakatuta. Hain zuzen ere, kontragailurraren bigarren egunak hainbat interesgune izan ditu, eta horietara eraman ditugu gure aldarriak. Esaterako, eguerdian, Hendaiako McDonald’s-en aurrean mobilizazioa eta ekintza sinbolikoa egin dugu, eta, arratsaldean, "Munduaren bukaera, hilabetearen bukaera, borroka bakarra!" solasaldian hartu dugu parte; bietan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru izan dugu.

Arratsaldeko hitzaldian, Ficobako 1. aretoa beteta zegoela hartu du hitza Garbiñe Aranburuk, Solidaires, Attac eta Greenpeace erakundeetako ordezkariekin batera, besteak beste.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, "lana versus kapitala dikotomia klasikoa zabalduz, bizitza versus kapitalaz aritu behar dugu. Kapitalaren aurkako borrokan, borroka feminista eta ekologiaren aldeko borroka barnebildu eta borrokari dimentsio berria eman behar zaio".

Borroka sozial eta sindikal ugari daude piztuta eta guztien arteko baterajotzeak bultzatu behar ditugu, hots, langile, pentsiodun, emakume, gazte edota etorkinei mobilizazio orokor eta bateratuetan parte hartzeko aukera ireki.

G7aren kontra bakarrik ez, zerbaiten alde ere bagaude, "bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten alde", LABeko idazkari nagusiak nabarmendutakoaren arabera. Hain justu, aurrera begira elkarren arteko aliantzak sustatzen jarraitzeko oinarri sendoak jartzen ari gara egunotan.

Prekarietatearen aurka eta elikadura burujabetzaren alde
Ficobako hitzaldiaren aurretik, bazkaltzeko garaian, Hendaiako McDonald’s aurrean mobilizatu gara, "kapitalismoaren ikur" delako. Bertan, prekarietatearen aurkako eta elikadura burujabetzaren aldeko mezua zabaldu dugu. "Multinazional honek ez du inongo erreparorik planeta ustiatzeko, eta, era berean, ez du inolako erreparorik lan eskubideak oztopatzeko eta suntsitzeko", adierazi du Garbiñe Aranburuk.

Ekintza sinboliko gisa, McDonald’s aurrean bazkaldu dugu, bertako haragi eta produktuekin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.