Elkarretaratze bat egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, uztailaren 30ean onartutako EAEko helduen egoitzetako dekretuaren onarpena dela eta. Dekretuaren balorazioa egin dugu bertan, eta arreta eta lan-baldintzetan prekarietatea mantentzen duela salatu dugu.
LABek honako balorazioa egiten du Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailaren 30ean onartutako EAEko helduen egoitzen dekretuaren inguruan.
Gizarte zerbitzuak, pertsonen bizi baldintzak bermatzeko eta hobetzeko helburua duten jarduera multzoa dira. Horien ardatz, euren zereginean, aipatu zerbitzu horien hartzaileak hezten, laguntzen, elkarrekin lan egiten, sorosten eta zaintzen dituzten pertsonak dira.
EAEko gizarte zerbitzuetako legeak administrazio publikoei esleitzen dizkie gai honetako eskuduntzak, honela, gizarte zerbitzuetako sistema publikoak modu egokian funtzionatzen duela ziurtatzeko. Tamalez, nagusiki, gizarte zerbitzuak alor pribatuak kudea dezala izan da ondorioa, haien ardura enpresa kudeatzaileengan utziz. Aipatu enpresek irabaziak lehenesten dituzte, kalitateko zerbitzua jasotzeko eskubide subjektiboa eta langileen lan eskubideen aurretik.
Oro har, gizarte zerbitzuen hondatze egoera kezkagarria da, lan arloan zein sorospen arloan. Laneko erritmo jasangaitzak, arretarako behar adina denbora eza, neurriz gaineko ahaleginak, estresa, hitzezko erasoak, eraso fisikoak, erabateko eskuragarritasuna, txandaka aritu beharra, bakarka eta behar adinako baliabiderik gabe lan egin beharra… Zerbitzuen zaintzaren kalitate urriak langileen lan baldintza kaskarrei eragiten die.
LAB sindikatua aspaldi ari da salatzen egiturazko egoera hau. Gogoratu behar dugu 14.000 sinadura baino gehiago jaso genituela langile gehienen eskakizuna bermatuz. Gizarte zerbitzu guztiak modu egokian arautu behar dira; erabiliko diren arretarako ratioak behar adinakoak izango dira kopurua, maila zein izaera presentzialari dagokionez. Zerbitzuen antolamendua erabiltzaileen premiei egokituko zaiela ziurtatuko da, hots, kalitateari eta langileen lan eskubideei, eta hauen osasunaren bermeari eta sustapenari egokituko zaiela.
Ildo horretan, Gasteizko Parlamentuak dei egin zion gobernuari, 2017ko otsailaren 9an, 2017/90 legez besteko proposamena bete zezala. Honi lotuta:
1.- Eguneratu ditzala prestazio eta zerbitzu sozialak arautzen dituzten dekretuak, non arautuko baitira, ratioak eta pertsonalari dagozkion beste kontu batzuez gain, zerbitzu eta zentro horiek bete behar dituzten baldintza funtzional eta materialak, hori guztia gizarte zerbitzuen euskal sistema eguneratzearekin kontsonantzian eta koherentzian, eta hiru hilabeteko epean eraman ditzala Parlamentura dekretu horien zirriborroak. Eguneratze prozesu horretan, zerbitzuaren kalitatean eta, horrenbestez, zentro horietan artatzen diren pertsonen bizi-baldintzatan duten eragina ikusita, lehentasuna izango du mendekotasuna duten pertsonentzako zentro eta zerbitzuen ratioak arautzen dituen dekretuaren zirriborroak, egungo errealitatera egokitu dadin.
2.- Egon dadila, dekretu horien prestatze lanetan, hiru maila instituzionaletako parte hartze teknikoa, bai eta sektoreko entitate sozialen, erabiltzaileen eta langileen ordezkarien parte hartzea ere, era honetan beharrizan sozial berriei erantzun egokia eman ahal izateko eta gizarte zerbitzuen euskal sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoan jasotzen diren prestazio eta zerbitzuak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei kalitatezko arreta bermatzeko.
3.- Jaurlaritza eta beste erakunde publikoak arduratu eta inplikatu daitezela kontratazio publikoaren eremuan, kalitatezko zerbitzu publikoak eta zerbitzu horietan lan egiten duten pertsonen lan baldintza duinak bermatze aldera.
Jaurlaritzak onartutako helduen egoitzetarako dekretua langileen parte-hartzerik gabe eta erabiltzaileen helegiteak kontuan hartu gabe egin da, Parlamentuaren gehiengoari, erabiltzaileei eta profesionalei lepoa emanda.
Helduentzako egoitzak menpekotasuna duten baliabidea dira eta hauek, prestazio batzuk eskuratzeko eskubidea dute, eguneroko bizitza oinarrizko jarduerei aurre egiteko dituzten mugak direla eta.
Prestazio hauek, egoitzetan langile profesionalek ematen dituzten zerbitzuen multzoa dira. Ondorioz, erabiltzaileei eskainitako profesional kopurua eta denborak zehazten dute zein mailatan betetzen diren erabiltzeen eskubideak, emandako zerbitzuaren kalitatea eta langileen eskubideak.
Eusko Jaurlaritzak onartutako helduen egoitzetarako dekretuak finkatutako arretarako ratioek ez dute inolako aurrerapausorik ekartzen. Ez da langile gehiago aurreikusten eta ez du izaera presentziala eta kategorien araberakoa den ratiorik. Aipatzekoa da Enplegu eta Politika Sozialetako Sailaren txosten juridikoak ohartaratzen zuela finkatutako ratioak zehazteko justifikazio eta objektibazio falta.
Dekretuan inposatutako arretarako ratioek eragotzi egiten dute erabiltzaileen eskubideak betetzea, eta langileak euren lan-eskubideak urratzen dituzten erritmo eta lan-kargetara kondenatzen dituzte. Horren jakitun dira langile zein erabiltzaileak. Gogorazi nahi dugu ekainean hamarnaka salaketa erregistratu zituela LABek lan ikuskaritzan lan-osasunaren arloan ematen ziren ez betetzeengatik, langileak arrisku psiko-sozial eta ergonomikoen pean zeudelako, honek dituen ondorio larriekin.
Dekretuak talka egiten du erabiltzaile zein langileen eskubideekin.
Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretuak gehiago erantzuten dien irizpide ekonomizista eta egutegi legislatiboari arretaren kalitatea bermatzera zuzendutako irizpideei baino, erabiltzaile zein langileen eskubideen alde egingo luketenak.
Dekretu honek gatazka sortzen jarraituko du gizarte zerbitzuen legean finkatutako eskubideak bermatzeko betebeharra dutenen eta hauetako erabiltzaile eta profesionalen artean.