2024-11-22
HomeEkintza SozialaInstituzioen utzikeriaren aurrean, erantzun sindikal orokorra beharrezkoa da prekarietateari eta langabeziari aurre...

Instituzioen utzikeriaren aurrean, erantzun sindikal orokorra beharrezkoa da prekarietateari eta langabeziari aurre egiteko


Uztaileko datuen arabera, 144.086 langabetu daude erregistratuta SEPEko bulegoetan, ekainean baino 2.367 gehiago. Gora egin du langabeziak. Orain arte gertatu izan den bezala, emakumezkoak dira langabetu gehienak, %58,51 hain zuzen ere. Erregistratutako langabetuen adinari erreparatuta, erdiak baino gehiago dira 45 urtetik gorakoak (%50,5) eta multzo garrantzitsua osatzen dute 30etik 44 urtera artekoek (%33,96). Askoz gutxiago dira aldiz, 25 eta 29 urte artekoak (%8,48) eta 25 urtetik beherakoak (%7,03). Hain zuzen ere, enplegurako sarbide txarrena duten adineko langileak, 45 urtetik gorakoak, dira langabetu gehienak.

Adina eta generoa kontutan hartuta, adin tarte guztietan dago emakume langabetu gehiago gizonezkoak baino, 25 urtetik beherakoan izan ezik. Generoen arteko alde nabarmenena 30 eta 44 urteko adin tartean dago, langabetuen %61,49 emakumezkoa baita.

Enpleguaren kalitateari dagokionez, aldi-baterakotasuna eta ezegonkortasuna nagusitzen dira. Ekaineko kontratu mugagabeak (datuak ditugun azken hilabetea) %4,23 baino ez dira izan. Lan eta zerbitzu bat egiteagatikoak %27,34 dira eta produkzioren baldintzengatik aldi baterakoak %49, 74 dira. EAEn, Lan Harremanen Kontseiluak berak ohartarazi zuen aldi baterakotasun kroniko honen arriskuez, langileen enplegu egonkor eta bizitza duina lortzeko oztopo ere badena.

Behin baino gehiagotan salatu dugun bezala, lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuak aurrera darrai Euskal Herrian. Instituzio publikoen enplegu planak ez dira gauza egoera aldatzeko, areago, ematen du instituzioen papera datu estatistikoak ematera mugatzen dela, prekarietatearen notarioak bailiran.

Egoera honen aurrean, ekintza sindikala indartzea beharrezkoa da. Tokian toki hedatzen ari diren lan gatazka zehatzak sustatzearekin batera, erantzun sindikal eta sozial orokorra proposatzen du LABek, bai bestelako enplegu politikak aldarrikatzeko, baita bestelako enplegu politika horiek gauzatzeko beharrezkoa den ahalmen legegilea eskatzeko.  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.