2024-07-24
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaGradua lortu dugu sindikatuko bi afiliaturentzat, UPNk eta Nafarroako gehiengo sindikalak 2002an...

Gradua lortu dugu sindikatuko bi afiliaturentzat, UPNk eta Nafarroako gehiengo sindikalak 2002an desegindakoa berregiteko beste urrats bat

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ekainaren 20an emandako epaiaren ondoren, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegia hasi da administrazio-kontratudunendako graduari buruzko demandak ebazten, eta atzo, epaia eman zuen LABek Osasunbideko bi langileren izenean jarritako demandaren alde.

Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak baietsi egin du LABek bi administrazio-kontratudunen izenean jarritako demanda. LABek 2017ko apirilaren 10ean jarri zuen demanda, eta atzo eman epaian demanda oso-osorik baiesten da, graduaren osagarria ordaindu behar zaiela jasotzen duelarik, lau urteko atzeraeraginarekin ordaindu ere.

18 urte joan dira Afapnak, CCOOk, ELAk eta UGTk UPNrekin sinatu zutenetik langile kontratudunek ez zutela gradurik kobratuko, ez eta antzinatasun saririk eta familia-laguntzarik ere. Urteekin, kontzeptu horietako batzuk kontratudunei aitortzea eta ordaintzea lortu dugu, eta orain Europako epai honekin lortu da langile kontratudunak eta funtzionarioak parekatzea alderdi horiei dagokienez.

Europako Auzitegiaren erantzunaren zain egon behar izan dugu, baina, orain, Europak bere epaia eman ondoren, hemengo epaitegietan jarritako demandak bere fruituak ematen hasi dira. Horri dagokionez, esan beharra dago ANPE sindikatuaren demanda batek eragin zuela Nafarroako epaile batek “arazo prejudizial” bat jartzea Europar Batasuneko Justizia Auzitegian kasu horri buruz galdetzeko. Gero, LABek antzeko demanda bat jarri zuen, eta epaileak, 2017ko abenduan lehenengo demandarekin egin bezalaxe, bertan behera utzi zuen gure demanda 2018ko urtarrilean, Europako Auzitegiak bere iritzia eman arte. Europako Justizia Auzitegiak aurtengo ekainaren 20an eman zuen epaia, administrazio-kontratudun guztiek jasaten duten desberdinkeria larria bertan behera uzteko demanda aintzat hartuz. Epai horrek Iruñean irekitako prozesuak berriz abiaraztea ekarri zuen. Hala, uztailaren 30ean argitara eman zen ANPEren demandari buruzko epaia, eta abuztuaren 1ean LABek jarritako demandari buruzkoa.

Hurrengo helburuak: gradua langile kontratudun guztientzat eta lanbide-karrera

Epai honekin, afera Mahai Orokorrean negoziatzeko bidea irekitzen da. Izan ere, hurrengo urratsa da graduaren ordainketa langile kontratatu guztiei zabaltzea. 2002. urtean, LAB izan zen orduko gehiengo sindikalak (Afapna, CCOO, ELA eta UGT) UPNrekin sinatutako testuaren aurka azaldu zen indar bakarra, eta, gaur den egunean, ildo berean lanean eta borrokatzen ari gara, langile publiko guzti-guztientzako lan baldintzak eta soldatak hobetzeko asmoz. Lortzen ari garen garaipen horiei esker, egoera hobetzen ari da, eta, LABen iritziz, hurrengo urratsa langile guztientzako lanbide-karrera lortzea izan beharko litzateke.

Gradua ordaintzeko demandaren kronologia
(* Epaia argitaratu zen eguna).

2016ko abendua: LABek Europako Batzordera jotzen du aldi baterako langileei gradua ordain diezaietela eskatuz.

2017ko hasiera: ANPE sindikatuak demanda bat aurkezten du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian administrazio-kontratua duen langile bati gradua ordain diezaiotela eskatuz.

2017ko apirila: LABek demanda bat aurkezten du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian administrazio-kontratua duten bi langileri gradua ordain diezaietela eskatuz.

2017ko abendua: ANPE sindikatuaren demanda dela kausa, Iruñeko epaileak arazo prejudizial bat bidaltzen du Europar Batasuneko Justizia Auzitegira kasu honen gainean aholkua eman diezaion.

2018ko urtarrila: Iruñeko Epaitegiak bertan behera uzten du LABen demanda harik eta Europako Auzitegiak epaia eman arte.

2019ko ekainaren 20a*: Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaian adierazten du administrazio-kontratudunek gradua kobratzeko eskubidea dutela.

2019ko uztailaren 30a*: Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak, Europako epaia kontuan harturik, ANPE sindikatuaren demandaren aldeko epaia jakinarazten du.

2019ko abuztuaren 1a*: Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak, Europako epaia kontuan harturik, LAB sindikatuaren demandaren aldeko epaia jakinarazten du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.
00:20:31

Osasun sistema publikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditugu

Langileen gehiengorik gabe Osasun Itunik ez dago.