2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaEpaitegietara eraman dugu Eusko Jaurlaritza, ZUZENEAN zerbitzuko langileei aldebakarrez ordutegian malgutasuna ukatu...

Epaitegietara eraman dugu Eusko Jaurlaritza, ZUZENEAN zerbitzuko langileei aldebakarrez ordutegian malgutasuna ukatu dielako

LABek epaitegietara eraman du Eusko Jaurlaritza ZUZENEAN zerbitzuko langileei aldebakarrez ordutegian malgutasuna ukatu dielako, eta horrela, gainditu ezineko eragozpenak jartzen diolako kontziliazioari.

Epaiketan salatu dugu ZUZENEAN zerbitzu feminizatua dela, administrazioaren batez bestekoaren gainetik feminizatua, eta familia eta lana bateragarri egiteko malgutasunaz baliatzen diren langile gehienak emakumeak direla. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakiak sexuan oinarritutako zeharkako diskriminazio argia eragiten du. Halaxe ondorioztatu dute, besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 240/1999 epaiak, abenduaren 20koak, 203/2000 epaiak, uztailaren 24koak, eta Madrileko Justizia Auzitegi Nagusiaren 10391/2010 epaiak, azaroaren 23koak.

Horrez gain, aldaketa aldabakarreko prozedura baten bitartez egin dela salatu dugu, gehiengo sindikalarekin inolako batzarrik egin gabe, nahiz eta malgutasun horren oinarria sindikatuekin sinatutako akordio baten ildoan sortu izana.

Modu berezian aipatu dugu, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko urteko programazioaren 6.2.1.a idatzi-zatian honako konpromiso hau onartua duela: “Ordutegi-malgutasuna eta Sailak herritarrei zuzendutako zerbitzuen estaldura-maila mantentzea; zehazki, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarena, zeinak telefono bidezko eta aurrez aurreko arreta eskaintzen baitu 8:00etatik 19:30etara, astelehenetik ostiralera; eragotzi gabe zerbitzuaren eskaintza eta langileen lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egin ahal izateko aukera.” Eusko Jaurlaritzak hala onartua badu ere, Eusko Jaurlaritzak ez dio berak onartutakoari inongo jaramonik egin.

LABek salatu du Zerbitzu Zuzendaritzaren aldebakarreko erabaki horrek erabat arbuiatu duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko araudia, eta erabaki hori are larriagoa dela, kontuan izaten badug, ZUZENEAN zerbitzua Erkorekaren ardurapeko zerbitzu bat dela.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.