2025-04-19
HomeIndustriaMetalgintzaFundiciones del Estandako 8 kaleratzeen aurrean langileon antolakuntza eta borroka ezinbestekoak...

Fundiciones del Estandako 8 kaleratzeen aurrean langileon antolakuntza eta borroka ezinbestekoak dira

2016ko 12 kaleratzeren ostean beste 8 lagun izan dira kaleratuak berriki Fundiciones del Estanda Beasaingo enpresan. Diana Capitalek 2015ean enpresa erosi zuenetik, langileon aurkako beste eraso larri bat burutu da modu honetan, erakusten diguna badela gure lanpostu eta eskubideen prekarizazioaren kontura poltsikoak bete nahi dituenik.

Hiru urtetan 20 langiletik gora kaleratzeaz gain asko dira Estandan lan baldintzen prekarizaziorantz eman diren pausoak. Neurriz kanpoko orduen erabilgarritasun poltsa, zeinaren bidez langile bakoitzak 176 ordutan izan dezakeen jardunaldia moldatua urtean, edo kontsolidatu gabeko soldata igoerak adibide. Hitzarmen berriaren negoziaketan zuzendaritzak mahaiganeratu dituen proposamen atzerakoiak eta erakutsi duen negoziatzeko borondate falta kezkagarria ere zentzu berdinean ulertzen dugu.

Horregatik, ez ditugu erosten kaleratzeak justifikatzeko langileoi saldu nahi izan dizkiguten argudioak. Estandaren arazoa ez gara bertako langileak eta gure lan baldintzak. Are gehiago, “beharrezkoak” omen diren neurri hauek erakusten digute gure etorkizunarekin jolasten ari direla.

LABeko kideok argi daukagu: egorararen larritasunak eta kaleratutako langileek enpresa -batzordeak tinkotasunez proposatutako erantzuna, eta langileak antolatzeko planteamendua eskatzen du. Hala ere, tristuraz eta kezkaturik, aipatu beharrean gara enpresa-batzordean gehiengoa duen ELAko kideak ez ditugula zentzu honean lanean ikusi. Lehen oztopoa behar ez den tokian topatu dugu, euren jarrera otzanak enpresa-batzordeak bultzatu beharreko tamainako erantzuna antolatzea ekidin baitu.

Onartezinak dira kaleratzeak eta hauen justifikazioak. Azal dezala bestela zuzendaritzak: zenbat kaleratze gehiago “beharko” dira? Zenbat kaxkartu “beharko” dizkigute lan baldintzak Estandako langileoi? Hau da guretzako nahi duzuen etorkizuna? Ordea, prekarizazio saiakera guzti hauen aurrean antolatu eta borrokatzea behar beharrezkoa dela uste dugu. Eta enpresa-batzordean ordezkaritza dugun sindikatuok gure gain hartu behar dugu daukagun erantzukizuna, bertan gehiengoa duen ELA sindikatutik hasita.

LABeko kideon ustez, erasoen neurria ikusirik, lan eta bizi duin baten alde gure eskubideak defendatu eta berriak irabazteko borrokatzea tokatzen zaigu Estandan. Guk zentzu horretan jarraituko dugu lanean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.