2024-11-23
HomeIndustriaMetalgintzaTecman eta Osakidetzak ez dute akordiorik nahi

Tecman eta Osakidetzak ez dute akordiorik nahi

Mendaroko ospitaleko mantenuaz arduratzen diren Tecman-eko langileek 14 egun bete dituzte greba mugagabean, lan eta hitzarmen duinaren alde.

Mendaroko ospitalean mantenimendu zerbitzurako kontratatuta dagoen Tecman SVA SL enpresako langileok 14. eguna daramagu greban. Hasi genuen greba mugagabearen helburua oso oinarrizkoa da: pairatzen dugun prekarietate laboralarekin amaitzea eta behingoz gure lan baldintzak duintzea.

LANGILEEN OHARRA

Gure eskaera nagusiak hauexek dira:

1. KPI-arekin loturiko soldata igoerak. Azkenengo Gipuzkoako metaleko herrialdeko hitzarmena sinatu zenetik soldatak izoztuta ditugu, 2011. urtetik, hain zuzen. Badakigu, ordundik gaur egundaino galdu dugun eros ahalmena ez dugula berreskuratuko baina… horrenbeste al da eskatzen duguna? Gure soldatak oso baxuak dira eta denok dakigu bizimodua geroz eta garestiagoa dela. Tecman-eko eta Osakidetzako zuzendaritzako arduradunak, konforme egongo al lirateke 1200 eurotako soldatarekin?Argi daukagu, ezetz.

2. Zaintza edo “guardia” deituriko txandak: eginkizun honek, Mendaroko Ospitalean gerta litekeen edozein matxura edo ezuztekoen aurrean, adi eta prest egotean datza. Hau da, telefono dei bat jasoz gero, ordu erdiko epean, ospitalean bertan egoteko betebeharra, hain zuzen. Bederatzi ordutan “stand-by” egon behar izate hau 11 euro ordaintzen du Tecmman-ek (soldata gordinaz ari gara hitz egiten). Lan berbera egiten duen Osakidetzako mantenimenduko langile batek, zaintza txanda egun bakoitzeko 43 € kobratzen ditu (ondo merezia, noski). Tecmaneko langileok, ordea, esan bezala, 11 euro. Bidezkoa al da diskriminazio hau? Gure ustez ez.

Hau guztia gutxi balitz, Osakidetzak eta herritarron diruarekin kontrataturiko Tecman enpresa, langileon greba egiteko eskubidea urratzen ari dira:

• Ospitaleko sukaldeko arazoak konpontzeko beste enpresa bat azpikontratatu du Osakidetzak.
• Langile baten egutegia unilateralki aldatu dute, grebaren ondorioak murrizteko.
• Behin behineko langileei xantaia egiten ari dira: “greba egiteari uzten badiozue kontratu finkoa egingo dizuegu”.
• Enkargatuak teknikarien lana burutzen ari dira, zerbitzu minimoen arauetan hori erabat debekatuta dagoenean.

Greba eta gatazka hau oso erraz konpondu daiteke. Tecman eta Osakidetzaren konponbiderako borondate eza da arazo nagusia. Zergatik diogu hau?

• Eskatzen ditugun soldata igoerak, oinarrizkoak dira, KPI-arekin loturiko igoerak, alegia.
• Zaintza txandekin, lan berdina egiten duten Osakidetzako mantenimenduko langileek kobratzen dutenarekin ekiparatzea eskatzen dugu. Gainera, langileok zuzendaritzari eginiko eskaintzan, lan baldintzen berdintze hau, lau urtetan progresiboki egiteko aukera eskaini diogu, baina alferrik.

Hau guztia gertatzen ari den bitartean, Osakidetza beste aldera begira dago eta hori erabat onartezina da. Lotsagarria da guztion zergekin jasotako dirua hain bidegabeki eta axolagabeki kudeatzea. Tecman-eko langileok, zerbitzu publiko bat egikaritzen dugu jendartearentzat, baina Osakidetzak baimendutako lan baldintza kaxkar hauekin ezinezkoa da herritarrek merezi duten kalitatezko zerbitzu publiko bat eskeintzea. Hau da, gure borroka, gure lan baldintzak duintzearen aldekoa izateaz ez ezik, kalitatezko zerbitzu publikoaren aldekoa ere bada.

Osakidetzak, lan baldintzak externalizatu eta Tecmanek, langileen lan baldintzen kontura, poltsikoak betetzen ditu. Bien bitartean, langileontzako miseria eta herritarrentzako kaltea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.