Egun, langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen ez duten 98.360 langabetu dago Hego Euskal Herria. Gehienak, %60a, emakumezkoak dira. Lan merkatutik kanporatua izan den kolektibo bat da, langabeziaren aurreko babes sistema espainiarrak bertan behera utzia, eta pobrezia eta bazterketa sozialera bultzatu dena. Horrela, autonomia mailako berme-errentak (pobreziaren atalasetik beherako zenbatekoan) dira euren azken babes sarea.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuen arabera (maiatzeko datuak), 60.993 pertsona dira erakunde honek ematen dituen prestazioen onuradun. Hala ere, prestazio asistentzialak dira kasuen %43an eta euren zenbatekoa hileko 430 eurotik beherakoa da.
Era berean, badira langaziagatiko prestazioak jasotzen dituzten pertsona batzuk langabeziaren erregistroaren barruan sartua ez daudenak, berau neurtzeko erabiltzen diren irizpide estatistikoak ez betetzeagatik. Horrela, onuradun guztietatik 46.776 soilik jotzen dira langabetutzat.
Hortaz, erregistratutako langabeziaren zerrenda ofizialetan sartuta dagoen pertsonen %32,2ak soilik kobratzen due langabeziagatiko prestazioren bat, gainontzeko %67,8a kanporatua eta bertan behera utzia dago.
Finean, nabarmena da langabeziagatiko babes-sistemaren estaldura maila guztiz eznahikoa dela, eta beheranzko joera ere erakusten du epe luzeko langabezia eta prekarietatearen zabalpenagatik, era berean, prestaziook eskuratzeko eskubideak sortzea zailtzen duena.
Egoera honen aurrean, salatu beharrekoa da EAJ eta PSEk Gasteizko parlamentuan egindakoa, PPren laguntzarekin, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketa berriak sartuz.