2024-11-24
HomeEkintza PolitikoaLABeko ordezkaritza zabala izango da larunbatean Bilbon, euskal presoen eskubideen aldeko nazio...

LABeko ordezkaritza zabala izango da larunbatean Bilbon, euskal presoen eskubideen aldeko nazio manifestazioarekin bat eginez

Larunbat honetan, urtarrilak 8, Euskal Presoak Euskal herrira, Egin Dezagun Urratsa lemapean Bilbon egingo den nazio manifestazioan izango da LAB sindikatua. Manifestazioaren arrazoi eta aldarrikapenekin bat eginez, sindikatuko Komite Exekutiboko nahiz Nazio Komiteko ordezkaritza zabalak hartuko du parte. Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buru dela, han izango dira Sonia González (komunikazio idazkaria) eta Igor Arroyo (Nafarroako bozemalea), zuzendaritzako beste hainbat kiderekin batera.
Euskal Herria aro berri baten atarian dago, eta garai berri horri ekingo bazaio, gaurdaino indarrean izan den zikloa, herri honen ukazioan oinarritutako zikloa itxi beharra dago. Sufrimenduaren aroa gainditu eta euskal herritarron eskubideen aitortzan eta errespetuan aurrera egiteko, ezinbestekoa eta premiazkoa da espainiar eta frantziar Gobernuek urteetan indarrean duten espetxe politikarekin amaitzea -sakabanaketa politika, gaixotasun larriak dituzten presoak gatibu mantentzea; bizitza osoko espetxe zigorra; 3/4ak beteta dituzten presoak kartzelean mantentzea; isolamendua; bakartzea; aurrez aurreko bisitetan jasan beharreko tratu umiliagarria, elkartasunaren kriminalizazioa etab.-. Ezin dugu ahaztu, euskal presoen oinarrizko eskubideak urratuz, euren senitartekoak eta euskal jendartea ere jomugan dituztela.

Zentzu horretan, euskal eragileok, bakoitzak geure eremuan, badugu zer egina eta zer esana; areago, abian den garai berri honetan. Hartutako konpromisoetan sakondu eta konpromiso berriak bultzatzeko unea da, eta LABek bere egiten du ardura hori, besteak beste, bai lantokietan bai kalean, euskal presoen eskubideen aldeko lana indartzeko.

Eman diezaiogun bada, bide, garai berriari. Euskal herritar, euskal langile nahiz eragile, egin dezagun urratsa. Eskubide guztien alde, euskal presoak euskal Herrira!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.