2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaNekane Murga kontseilariak Osakidetzan mundu guztiak ezagutzen duena ezeztatzen jarraitzen du, hau...

Nekane Murga kontseilariak Osakidetzan mundu guztiak ezagutzen duena ezeztatzen jarraitzen du, hau da, azterketen filtrazioak praktika arrunta dela osasun zerbitzu publikoan

Nekane Murga kontseilariak ezeztatu egin du gaur Eusko Legebiltzarrean inongo azterketa filtrazioren berri daukanik edo izan duenik, Osakidetzako iruzurraren ikerketako lekuko batek baieztatu zuen bezala. Kontseilaria ez da oso leku onean geratzen adierazpen hauekin, oso sinesgaitza delako Osakidetzako edozein zentrotan vox populi denaz berak ezer ez jakitea. Egia onartu eta errealitate hau aldatzeko konprometitu beharrean, modu traketsean errealitatea ezeztatzeko bidetik jo du.

LABen iritziz, filtrazioen kontua Osakidetzak ezeztatzen jarraitzen duen oinarrizkoa arazo bat da. Ukazio fasetik onartzera pasatu behar da, EPE eta kontratazio eredu berri batera heldu ahal izateko, gaur egun %40 behin-behinekoa den plantilla egokitzeko eta jendartearen beharrak asetzen dituen kalitatezko osasun sistema publiko eta demokratikoa sendotzeko.

Eskandalu honen aurrean, Osakidetzak eman dituen urrats guztien helburua informazioa ezkutatzea izan da, eta salaketak egin ditugunon kontra jotzea. Azken finean, Murga “ukazio moduan” eta gertatu dena argitzeko laguntzen ez duten Gobernu eta Osakidetzaren aurpegia baino ez da. Gobernu bat gai izan dena Fiskaltzari ez pasatzeko zeukan informazio guztia, horrek eskatu zion bezala, eta erabaki duena zer den garrantzitsua eta zer ez; Gobernu bat Erkoreak berak esandakoa esatera ausartzen dena: ez dela dokumentaziorik “desagerrarazi” ustelkeria beste kasu batzuetan gertatu bezala. Epaileak dokumentazio osoa berriro eskatu behar izatea lotsagarria da. Zentzu honetan, LABek eskatuko dio epaileari salatu ditugun 19 kategoria guztietako izangaien jatorrizko azterketak erreklama diezazkion Osakidetzari, aditu-froga independentea egin ahal izateko.

Murga kontseilariak, gaurko adierazpen sinesgaitzen gainetik, bere esku dauka oraindik inflexio-puntua egitea eta eskandalagarria den egoera honekin amaitzea, baina, ukaezina dena ezeztatzen jarraitzen badu, eta gauzak dauden bezala mantentzen, lortuko duen gauza bakarra iraungita dagoen eta ia inork babesten ez duen sistemaren agonia luzatzea baino ez da izango.

LAB sindikatutik, Herri Akusazio bezala, gertatu dena argitzearen alde jarraituko dugu lanean, inpunitatearekin amaitzeko eta berdintasun, meritu eta ahalmenaren printzipioetan oinarritzen den kontratazio eta EPE eredua lortu ahal izateko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.