2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaGarbiñe Aranburu: “Hitzarmen sektorialen defentsan, borroka da bidea”

Garbiñe Aranburu: “Hitzarmen sektorialen defentsan, borroka da bidea”

Hirugarren greba eguna gaur Bizkaiko metalgintzan. Eta erantzuna, aurreko egun bien antzerakoa, %80tik gorakoa. 11:30ean manifestazioa egin dute Bilbon, Jesusen Bihotzetik FVEM Bizkaiko metalgintzako patronala kokatuta dagoen Euskadi Plazaraino. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Bilboko manifestazioan parte hartu du, sektoreko hitzarmenaren alde eta beraien sektoreko hitzarmenaren defentsan Bizkaiko metaleko langileak aurrera eramaten ari diren borroka babesteko.

Adierazi du azken bi lan erreformek gogor kolpatu dute euskal langileon negoziazio kolektiborako eskubidea, batez ere sektoreko hitzarmenetan oinarritutako euskal langileon negoziazio eredua erasotuz.

“2010ean PSOEren gobernuak negoziazio kolektiboa zentralizatzeko lan erreforma egin zuen, sektore hitzarmenak jipoituz. Eta 2012an PPren zentralizazioa bere horretan utzi zuen, enpresa hitzarmenei lehentasuna eman zien eta patronalari ia erabateko aldebakartasuna eman zion. Honela, euskal langileon negoziazio kolektiborako eskubidea kolokan utziz”.

LABek, hasieratik, “jarrera argia” izan duela gaineratu du, urte hauetan koherentzia horri eutsi diola azpimarratuz. Jarraian, erreformetatik sindikatuak ateratako bi ondorio nagusiak zehaztu ditu.

Batetik, negoziazio kolektiborako marko propioaren aldeko borroka indartu beharra, estatalizazioari mugak jartzeko negoziazioa blindatzeko egondako akordio saiakera desberdinetan parte hartuz.

Bestetik, hitzarmenak lortzeko, patronalaren erosotasuna apurtu beharra. “Horretarako mobilizazioak eta grebak behar beharrezkoak dira. Azken bi urte hauetan, negoziazio kolektiboan egon den blokeo egoera apurtzea lortzen ari gara eta datuek erakusten dutena da konfliktibitatearen igoera eta hitzarmenen desblokeoa eskutik doazela”.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren aldeko borrokaren helburuak ere zehaztu ditu jarraian, “gaur hemen gaude Bizkaiko metalean sektore hitzarmen duin baten alde. Erreformei aurre egingo dien hitzarmena, KPIaren gainetik egongo diren soldata igoerak bermatuko dituen hitzarmena, metalean emakumeek bizi duten diskriminazio egoerei (kontratazioan, soldata arrakala…) mugak jarriko dizkien hitzarmena, subrogazioa bermatuko duen hitzarmena.

Patronalari ere mezua luzatu dio, “Hazkunde ekonomikoaz eta enpresen irabaziez hitz egiten du, bada, argi esaten diogu irabazi horiek langileei esker lortu dituela eta hitzarmena lortu arte borroka jarraituko dugula”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.