2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaEkainaren 6 eta 7an produkzioa gelditzera deitu dugu Bizkaiko Metalgintzan

Ekainaren 6 eta 7an produkzioa gelditzera deitu dugu Bizkaiko Metalgintzan

Bizkaiko Metaleko Negoziazio mahaian gauden lau sindikatuok agerraldia egin dugu Barakaldoko BEC aurrean, Feria Industry Tools azoka zabaldu berritan, asteleheneko negoziazio mahaiaren eta Bizkaiko Metaleko Patronalaren (FVEM) jarreraren balorazio komuna egiteko. Atzoko bileran, patronalak ez zuen inolako keinurik egin prekarietate egoerarekin bukatzeko. Hortaz, ekainaren 6 eta 7ko grebekin produkzioa gelditzea beste irtenbiderik ez dugula nabarmendu dugu.

Bizkaiko Metaleko Negoziazio mahaian gauden lau sindikatuok (LAB, ELA, CCOO eta UGT) gaur prentsa agerraldia deitu dugu atzoko negoziazio mahaiaren eta Bizkaiko Metaleko Patronalaren (FVEM) jarreraren balorazio komuna egiteko.

Lehenik eta behin, gogorarazi nahi dugu pasadan maiatzaren 10ean, lau sindikatuon plataforma bateratua aurkeztua geniola FVEMi. Eduki horiek, gehinbat, sindikatuon hasierako plataformetan bazeuden, hau da, 2018ko otsailetik ezagunak ziren patronalarentzako (negoziazioak hasi ziren momentutik). Maiatzaren 10ean bertan, 4 sindikatuok 5 greba egun deitu genituen Bizkaiko Metalean FVEMek mahaian zuen blokeoari aurre egiteko asmoz.

Maiatzaren 17an eduki genuen Bizkaiko Metaleko mahaian, FVEMek plataformaren edukien gaineko argipen batzuk eskatzeaz gain, balorazio sakonagoa egiteko denbora gehiago behar zuela esan zigun.

Maiatzaren 23an lehengo greba eguna izan zen, jarraipen zabala izan zuen (%70-80 bitartean) eta manifestazio oso jendetsu batekin (15.000 pertsona inguru). Bizkaiko Metaleko langileek patronalaren jarreraz eta honek mahaian duen blokeo jarreraz nazkatuak daudela argi utzi zuten; gainera, Hitzarmen duin baten beharra eskatu zioten FVEMi eta sektorean sortu duten aberastasuna modu justuan bana dezatela.

Atzo, ekainak 3, Bizkaiko Metaleko Mahaiaren 20. Bilera izan zen. Berez, patronalak sindikatuon plataformari erantzun behar zion, eta zoritxarrez, erantzuna tamalgarria izan zen:

-Soldatak: igoerarik ez 2018rako, eta 2019 eta 2020rako igoera txiki batzuk; gainera tablen gaineko igoerak dira soilik eta ez soldata errealetan. Gogoratu behar dugu, proposamen hau orain hilabete gutxi batzuk mahai gainean zegoena baino txarragoa dela.

-Atzera pausoak bere horretan mantendu ditu: malgutasuna nahieran eta bajetan egoera okertzea.

-Berdintasunari dagokionez, maiatzaren 10ean aurkeztu genituen eskaeretatik oso oso urruti daude.

FVEMek ez zuen ezer aurkeztu gai hauetan:

-Subrogazio eskubidea
-Behin behinekotasuna eta ABLE bidezko kontratazioak mugatzeko
-Malgutasuna mugatzea
-Lan Osasuna
-Lan jarduna

Argi eta garbi, soldatetan egin duten eskaintza, maiatzaren 10ean sindikatuok eskatutakotik oso oso urruti dago.

Ondorioz, lau sindikatuok onartezintzat eta ulertezintzat hartu dugu atzoko FVEMen jarrera. Argi utzi du ez duela negoziatzeko batere borondaterik. Eta, mobilizazio eta greba testuinguru honetan (hurrengo greba egunak ekainaren 6 eta 7an baitira) probokazio hutsa izan dela esan behar dugu.

Gaur, BEC-en elkartu gara Feria Industry Tools zabaldu duten egunean bertan. Bertara etorriko dira, bai gaur zein datozen egunetan, arduradun politiko eta industria sektoreko hainbat persona garrantzitsu. Guk ere hemen egon nahi dugu, azoka eta erakusketaz haratago, industriak duen izkutuko aurpegia azalarazi nahi dugulako, konkretuki Bizkaiko Metalean. Azpikontratazioaz eta prekarietateaz ari gara, noski. Horien ondorioz, bizitza duina izateko diru sarrera nahikorik gabe uzten dituzte ehunka langile sektorean; lanpostua galtzeko arriskuan, laneko istripuak…

Atzo izan genuen Bizkaiko Metaleko bileran, patronalak ez zuen inolako keinurik egin salatzen dugun prekarietate egoera horiekin bukatzeko (subrogazio eskubidea, azpikontratetako lanen kontrola, behin behinekotasuna….) . Horregatik guztiagatik, Bzikaiko MEtaleko borroka eta grebak sektoreak sufritzen duen prekarietatearekin bukatzeko ere badira.

Bukatzeko, gure mezua sektoreko langile guztiei, ekainaren 6 eta 7an greba eta mobilizazioakin bat egin dezaten. Horrelako patronalarekin produkzioa gelditzea beste irtenbiderik ez dugu, eta kaleak bete behar ditugu, joan den maiatzaren 23an egin bezala.

Mobilizazioak
-Ekainak 6: elkarretaratzea BECen, 11:30ean
-Ekainak 7: manifestazioa Bilbon, 11:30ean, Jesusen Bihotzetik.

 

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.