2024-11-22
HomeEkintza SindikalaSindikalismoa inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu dugu Iruñean, isunak eta espetxe zigorrak...

Sindikalismoa inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu dugu Iruñean, isunak eta espetxe zigorrak zigor

Justiziaren “patronalizazioaren” aurka protesta egiteko, LABek mobilizazio kanpaina abian jartzera doa. Lehen ekimena ostegun honetan bertan izango da: 19:00etan burrunba egingo da (in)Jusizia Jauregiaren parean. Hain zuzen ere, 10.000 euro baino gehiago isunetan eta espetxe zigorrak erabaki dituzte La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroka arrakastatsuen ondotik. Agerraldi jendetsu bat egin dugu Iruñean, honen guztiaren berri emateko.

Sindikalismoa, langileontzako borroka tresna gisa ulertuta, inoiz baino beharrezkoagoa da. Langileriak eta, bereziki, sektore prekarizatuenek sindialismo konprometitu, aktibo eta eraginkorra behar du. Zorionez, borroka sindikalak ugaritzen ari dira azken hilabeteotan: La Sangiovesa eta Huerta de Peralta horren erakusgarri izan dira.

La Sangiovesa, lan araudiari ezikusia egiten duen jatetxe horietako bat zen: hitzarmenaren ez betetze jarraitua, kontraturik gabe lanean ari ziren tabernariak, askatasun sindikalen urraketa. Adibide gisa, honako hau: pizza bana “ordaintzen” zieten langileei kamioi batetik hornigaiak jaisteagatik. Egoera honen aurrean, langileek antolatzea erabaki zuten eta horren aurrean Enpresak UGTren hautagaitza sustatu eta hainbat langile kaleratu zituen. Alabaina, jatetxearen atarian egindako hainbat mobilizazioren ondotik, langileak berronartzea eta lan hitzarmena betetzea lortu zen.

Huerta de Peralta, berriz, Nafarroako landa eremuan ematen den lan esplotazioaren erakusle zen. Hemen ere oinarrizko eskubideak urratzen ziren, hemen ere langileek Sindikatuan antolatzea erabaki zuten eta Enpresak zigor eta kaleratzeekin erantzun zuen. 28 eguneko greba eredugarri baten ondotik, langileek helburu nagusienak lortu zituzten, enpresaren ibilbidean garai beri bat irekiz.

Horrelako adibideek argi erakusten dute posible dela Patronalak inposatutako prekarietateari aurre egitea. Baina badirudi denek ez dutela borroka sindikala atsegin: Poliziak nahiz Fiskaltzak Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroketan parte hartu zuten hainbat sindikalisten kontra jo dute.

Sangiovesaren kasuan, tarte labur batez jatetxean era baketsuan sartu, kanpoaldean kontzentratu, hainbat pegatina jarri eta megafono batekin oihukatzeagatik epaitu dituzte bi sindikalista. Enpresak bere hasierako salaketari uko egin badio ere, Fiskaltzak zigor eskariak mantendu zituen eta azkenik Emilio Labella epaileak 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio horietako bati, espetxeratzeko bete beharrarekin. Pasa den astean iragarri bezala, LABek helegitea jarriko du, epaiketan zehar argi eta garbi geratu baitzen inor kaltetu ez zuen protesta legitimoa izan zela. Gainera, bezeroak jatetxetik lasai asko sartu eta ateratzen zirela frogatzen duen bideo bat “galdu” egin zen epaitegian eta ez da kontutan hartua izan.

Huerta de Peraltaren kasuan, momentuz (azkenak pasa den astean iritsi baitziren), 4.808 euro batzen dituzten 25 isun jarri dituzte polizia desberdinek eta, larriagoa dena, Foruzaingoaren ekimenez hiru sindikalisten kontrako zenbait prozedura penal ireki dira “desorden publikoak” eta “autoritatearen kontrako atentatua” leporatuta. Lehenengo prozeduran, 2.880 euroko isuna eskatzen du Fiskaltzak sindikalista baten kontra. Bigarrenean, bi sindikalisten kontrakoa, ez dira zigor eskariak zehaztu oraindik. Hirugarrena bereziki larria da: “autoritatearen kontrako (ustezko) atentatua” argudiatuz, Fiskaltzak bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, 2.500 euroko isuna eta bost urteko kanporatzea eskatzen ditu marokiar herritartasuna duen Huerta de Peraltako langile baten kontra (Foruzaingoak urte bete eta sei hilabete eskatzen ditu kasu honetan). Gogoan hartu beharra dago Huerta de Peraltako greban zehar Foruzaingoak enpresaren ateetan protesta egiten zuten langileak erasotu eta kolpatu zituela hainbat aldiz; hain zuzen ere, auziperatutako langilea beso batean zauritu zuten foruzainek eta, handik egun batzuetara, bendatutako besoan bertan kolpea eman zioten berriz ere.

Epaiketa hauek onartezinak dira, lehenik eta behin, askatasun sindikalaren kontra jotzen dutelako, noiz eta borroka sindikala inoiz baino beharrezkoagoa denean. Sindikalismoa milaka langileen defentsarako tresna da: askatasun sindikalak urratzeak eskubideak defendatzeko tresnarik gabe uzten ditu langileak.

Bigarrenik, epaiketa hauek are eta zentzugabekoagoak dira hala Sangiovesan nola Huerta de Peraltan lan gatazkaren inguruko akordio onak lortu zirelako. Are eta gehiago, enpresek uko egin diote prozedura hauetan parte hartzeari, Foruzaingoa eta Fiskaltza dira sindikalisten kontrako salaketarekin jarraitzea erabaki dutenak. Gure ustez, horrek Espainiako Estatuan dagoen sistema judizialaren ikuspegi ideologikoa uzten du agerian, baita Erregimenak Foruzaingoan edota Judikaturan bizirik dirauela ere. Altsasu nahiz La Manadaren kasuetan salatu izan den bezala, Justizia Espainiarrak neurririk gabe aritzen da, ideologia autoritario (Altsasuren kasuan), patriarkal (La Manadaren kasuan) eta, kasu honetan gehituko genuke, antisozial baten arabera.

Sindikalista hauek epaitzen dituzten bitartean, ehunka enpresarik lan legedia urratzen dute, erabateko zigorgabetasunaz. Non daude Lan Ikuskaritza, polizia desberdinak, Fiskaltza, dagokion hitzarmena etengabe urratzen denean, non daude segurtasun neurriak ez betetzearen ondorioz langileak hiltzen direnean?

Hauxe paradoxa: epaitzen dituzten horiek egin beharko luketen lana egiteagatik epaitzen dituzte sindikalistak. Zergatik ez Fiskaltzak ez Ikuskaritzak ez zuten ezer egin La Sangiovesan kontraturik gabeko langileak zeudela edota UGT ez bozkatzeagatik kaleratzeak egon zirela salatu ondotik? Zergatik ez zuen ezer egin Foruzaingoak Huerta de Peraltan greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzeagatik egindako salaketen aurrean?

Justiziaren “patronalizazioaren” aurka protesta egiteko, LABek mobilizazio kanpaina abian jartzera doa. Lehen ekimena ostegun honetan bertan izango da: 19:00etan burrunba egingo da (in)Jusizia Jauregiaren parean.

Prozedura judizial hauek bertan behera uztea eta eredu polizial nahiz judiziala sakonki eraldatzea eskatzen dugu. Dei egiten diogu langileriari klase sindikalismoaren defentsan mobiliza dadin. Eta prekarietatea pairatzen duten lagun guztien alde borrokan jarraitzen gure borondatea berresten dugu; ez dago geldiaraziko gaituen epaiketarik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.