2024-07-07
HomeEkintza SindikalaGure kide bati 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote prekarietatea salatzeagatik

Gure kide bati 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote prekarietatea salatzeagatik


Prentsaurreko masiboa deitu dugu astelehenerako jazarpena salatzeko eta protesta ekimenak abiatzeko. 11:30ean izango da, Iruñeko Gaztelu Plazan.

Iruñeko zigor arloko 4. epaitegiak 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio LABeko sindikalista bati La Sangiovesa jatetxean eginiko ekintza sindikal batengatik; aitzitik, jatetxeko langilea den bigarren auzipetu bat absolbitu du. Epaituriko gertaerak 2018ko udakoak dira; ordu hartan, jatetxeko langileak mobilizatu ziren lan esplotazioa eta enpresak eginiko kaleratzeak salatzeko.

Lan esplotazioa oso agerikoa zuen ostalaritza establezimendua zen La Sangiovesa: ez zituzten langileek lan eginiko ordu guztiak ordaintzen, bazeuden kontraturik gabeko langileak, askatasun sindikalak urratzen zituzten… Konparazio batera, kamioia deskargatzea pizza batekin “ordaindu” zuten inoiz.

Bada, langileek antolatzea erabaki zuten eta, hauteskunde sindikalak egin eta gero, enpresak hainbat langile kaleratu zituen bere gustuko hautagaitzari botoa ez emateagatik. Dena dela, urte hartako sanferminetan hainbat mobilizazio egin ondoren, LABek akordio ona lortu zuen enpresarekin: kaleratuak berriz hartuko zituzten eta langile guztien eskubideak errespetatuko zituzten. Areago, akordio horren abagunean, enpresak onartu zuen mobilizazioen harira jarritako salaketa guztiak kentzea. Eta halaxe egin zuen.

Hala eta guztiz ere, Fiskaltzak erabaki zuen LABeko bi sindikalisten aurkako zigor eskaerei eustea jatetxean modu baketsuan sartzeagatik, kanpoaldean elkarretaratzea egiteagatik, pegatinak paratzeagatik eta denbora labur batean megafono batekin hainbat eslogan botatzeagatik. Zehazki, Fiskaltzak proposatu zuen 2 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra LABeko sindikalistarendako eta urte bat eta 6 hilabeteko kartzela zigorra jatetxeko langilearendako. Derrigortze delitu harrigarri bat leporatzen zien. Azkenean, Emilio Labella epaileak 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio lehenbizikoari -eta espetxean sartzeko derrigortasuna jarri dio- eta jatetxeko langilea absolbitu du.

LAB sindikatuak berehalakoan jarriko du erabaki horren aurkako helegitea. Izan ere, orain zigortu dutena izan zen lan gatazkak iraun bitartean polizia etxera eta Lan Ikuskaritzara joan behar izan zuena lan eskubideen urraketak salatzera, eta, orain, sindikalista hori bera zigortu dute erabat legitimoa zen protesta bat egiteagatik, ezein pertsonari batere kalterik eragin ez zion protesta bat egiteagatik. Aipatzekoa da, gainera, LABek bideo bat aurkeztu zuela froga moduan, bideo horrek erakusten zuela bezeroak batere arazorik gabe sartzen eta ateratzen zirela jatetxetik, baina bideoa epaitegietan “galdu” egin zela eta ez dutela aintzat hartu.

LAB sindikatuaren aburuz, epaia bera eta epaiak ezartzen duen zigorra hagitz larria da, eta ez da onartzen ahal, askatasun sindikalaren aurkakoa baita, borroka sindilaka inoiz baino beharrezkoa den une batean hain zuzen ere. Baina, zoritxarrez, ez da LAB sindikatuak azkenaldian pairatu duen eraso bakarra: Huerta de Peraltako lan gatazkaren karietara makina bat isun jaso ditu eta hainbat sindikalistaren aurkako prozedura penalak zabaldu dituzte.

Gertaturiko guztiaz eta gerta daitekeen guztiaz informatzeko, sindikalisten aurkako jazarpen poliziala eta judiziala salatzeko, eta askatasun sindikalen aldeko kanpaina baten hasiera iragartzeko, LAB sindikatuak langileei dei egiten die ekainaren 3an, astelehenarekin, Iruñean eginen den prentsaurreko masiboan parte hartzera. 11:30ean izanen da, Gazteluko Plazan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mecanerretik makinak ateratzen hasi dira, eragileok eskaturiko alternatiba aztertu barik

Urdulizko lantegiaren etorkizuna bermatzeko trantsizio ekosozialaren aldeko eragileok mobilizazioa egin dugu gaur fabrikaren aurrean.

Hezkuntza Sail berriari eskatzen diogu kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta akordio laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu genuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

EAEko osasun garraioa publifikatu behar dela aldarrikatu dugu

Araban eta Bizkaian diharduen La Pau enpresak indarrean dagoen hitzarmena betetzeari utziko diola iragarri duenetik ziurgabetasuna da nagusi langileen artean. Gasteizen mobilizazioa egin dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.