2024-07-07
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaBi egunetako greba partziala San Martin Unxeko Santa Zita egoitzan lan-baldintzak errespetatuak...

Bi egunetako greba partziala San Martin Unxeko Santa Zita egoitzan lan-baldintzak errespetatuak izan daitezen

San Martin Unxeko Santa Zita egoitzako langileek, berriz ere, ukabila altxatu dute Idea enpresak (Innovación y Desarrollo Asistencial) azaldu duen intrantsigentziaren eta pasotismoaren aurrean, hitzarmen duina lortze aldera aurkeztu ditugun proposamenen harira. Hori dela eta, ekainaren 1ean eta 2an, larunbatean eta igandean, greba partziala deitu dute, euren lan-baldintzak errespetatuak eta baloratuak izan daitezen.

Langileen oharra

Denbora gehiegi, 2018ko ekainaz geroztik, eman dugu enpresa-hitzarmena sinatzea lortu eta hitzarmen duin bat negoziatu nahian, eta alde sozialak pauso ugari egin ditu bide horretan. Hitzarmena lortzearren, gure hasierako asmoak sarritan jaitsi ditugu, 2018ko abenduan eta 2019ko maiatzean, esate baterako. Baina aski da! Ez gara gehiago makurtuko! Gure lana baloratu egin behar da, gure adinekoen zaintza-lana baloratu egin behar da.

Lehenbiziko mobilizazioaren ondoren, bilera pare bat egin dugu zuzendaritzarekin. Bilera horietatik ateratzen garenean, gure irudipena da adarra jotzen ari zaizkigula: mahai gainean jartzen dituzten proposamenak gero ez dira aktetan ageri. Eta horrela, behin eta berriz. Sindikatuarekin biltzen saiatu dira, ordezkari sindikalei ezer esan gabe. “Lan bera, soldata bera” oinarrizko printzipioa urratzen dute, soldata baxuagoak proposatuz gure atzetik datozenentzat. Enpresaren informazio ekonomikoari dagokionez, benetako kontuak ezkutatzen dizkigute. %19,3 igo dute egoitzako plaza pribatuaren prezioa adineko jendearentzat. Plaza itunduez den bezainbatean, bere horretan segitzen dute: haien iritziz, ezinezkoa da Nafarroako Gobernuarekin dagoen ituna berritzea, baina ongi dakigu inguruko egoitza gehienetan plaza itundu gehiago eskatzen ari direla. Zer egin nahi dute gure egoitzarekin? Itxi?

Egoera honek baditu arduradunak: Rafael Sánchez Ostiz, Idea enpresaren arduraduna; Eduardo Castillo abokatua, negoziazioaren buru ari dena, behin eta berriz kontraesanetan aritzen baita; eta egoitzako zuzendaria, Rafael Cortijo Gorraiz, Guadiana ibaia bezala agertu eta desagertzen dena.

Horren guztiaren aurrean, guk lan baldintza duinen alde borrokan segituko dugu. Horregatik, larunbatean eta igandean (egun horretan Ardo Gorriaren festa ospatzen da gure herrian), grebara joateko prest gaude, gure eskubide guztiak bermatzen dituen hitzarmen kolektibo baten alde eta Santa Zita egoitzak eta bertako langile guztiek etorkizuneko proiektu bat izan dezagun.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mecanerretik makinak ateratzen hasi dira, eragileok eskaturiko alternatiba aztertu barik

Urdulizko lantegiaren etorkizuna bermatzeko trantsizio ekosozialaren aldeko eragileok mobilizazioa egin dugu gaur fabrikaren aurrean.

Hezkuntza Sail berriari eskatzen diogu kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta akordio laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu genuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

EAEko osasun garraioa publifikatu behar dela aldarrikatu dugu

Araban eta Bizkaian diharduen La Pau enpresak indarrean dagoen hitzarmena betetzeari utziko diola iragarri duenetik ziurgabetasuna da nagusi langileen artean. Gasteizen mobilizazioa egin dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.