Epaileak harturiko erabakiak berretsi egiten du hilabete hauetan guztietan LABek egin duen lan txukuna, eta zilegitasuna ematen digu EPE horretako parte hartzaileen eskubideen defentsa egiteko eta baita, orokorrean, euskal jendartearen eskubideak babesteko ere.
Zentzu honetan, egiten ari garen bide luzean, orain dela urtebete hasi zena publiko egin genuenean kategoria mediku batzuetako azterketen emaitza eskandalagarriak adierazi zituen txostena estatistikoa, urrats berria da hau. Hasieratik LAB izan da ikerketaren motorra eta fiskaltzarekin elkarlanena aritu gara uneoro, datuak, frogak eta informazioak helaraziz.
Prozesuaren fase berri honetan, LABek orain arte egin duen lan serio eta kementsua jarraituko du egiten. Herri akusazio bezala, gertatu den guztia argitzeko, erantzukizun guztiak eskatzeko eta EPEan parte hartu zutenen zein euskal jendartearen eskubideak errespetatuak izateko borrokatuko dugu. Gure helburua zera da: administrazio publikoan sartzeko eskubideak urratzen dituen sistema mafioso eta ustelarekin amaitzea.
EPE eredu berriak ez du ezertarako balio inpunitatearekin amaitzen ez badugu. Karguak berrizteak ez du ezertarako balio praktika ustelak zigortzeko konpromiso sendorik ez badu hartzen Osakidetzak. Osakidetzak gertatu denaren erantzukizuna onartu behar du behingoz.
Euskal Herria ez da, inondik ere, ustelkeriarik gabeko paradisua. Osakidetzan gertatzen dena adibide bat baino ez da. Horregatik, epaiketa honek inflexio puntu izan behar du, euskal jendarteari argi uzteko hain garrantzitsuak diren eskubideak urratzea ez dela dohainik ateratzen.