2024-12-03
HomeEkintza SozialaMigrante eta errefuxiatuen aferan, diplomazia hutsaletik ekintzetara pasatzeko unea da

Migrante eta errefuxiatuen aferan, diplomazia hutsaletik ekintzetara pasatzeko unea da

Eusko Jaurlaritzak errefuxiatu eta migranteen afera mahai gainera ekarri du SHARE delako proposamena berriro aurkeztuz. Proposamenari ezinbestekoak diren hainbat puntu falta zaizkio, hala nola, migrante eta errefuxiatuen iritzia kontutan hartzea edota irizpide kultural eta sozialak aurreikustea.

Eusko Jaurlaritzak errefuxiatu eta migranteen afera mahai gainera ekarri du SHARE delako proposamena berriro aurkeztuz. Bertan, Europara iristen diren migranteak banatzeko kuota sistema bat proposatzen da, hiru parametrotan oinarritzen dena:

• BPGa, %50eko pisuarekin.
• Biztanleria, %30eko eraginarekin
• Langabezia-indizea, %20ko eraginarekin.

Proposamenari ezinbestekoak diren hainbat puntu falta zaizkio, hala nola, migrante eta errefuxiatuen iritzia kontutan hartzea edota irizpide kultural eta sozialak aurreikustea. Hala ere, 2018ko urrian izan genuen proposamen honen lehenengo berria eta orduan adierazi bezala, LABek honakoa esan nahi du:

• Eusko Jaurlaritzak, bere ardurak, plan estrategikoen atzean ezkutatzen ditu, gaiaren inguruan dituen ardurak zurituz. Atzoko agerraldiak, politika erreal eta efektiboak bultzatzea baino, marketing politikoa egitea zuen helburu. Europar hauteskundeak hurbil dauden honetan, Eusko Jaurlaritza hutsik dagoen diplomaziara jokatzen ari da.
• Migrante eta errefuxiatuen aldeko politikak artikulatzeko, ezinbestekoa da eskubide sozialak helburu dituen politika publikoak egitea, babes sozialeko sistema indartzea eta kohesio soziala bermatzea. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren atzera pausuak konstante bat dira; adibide garbia dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako Herri Ekimen Legegileak jaso zuen ezezkoa.
• Agerian geratzen da daukagun burujabetza falta migrazioaren eta errefuxiatuen inguruan gure politika publiko propioak garatzeko. Ez dugu konpetentzia nahikorik gai honetan klabeak diren politika gehienak garatzeko edo bertan behera uzteko, hala nola, Atzerritartasun Legea.

Migrante eta errefuxiatuen aldeko politikak garatzeko, ikuspegi integralarekin jokatu behar eta konpromiso zehatzak hartu. Udan errefuxiatu eta migranteen etorrerarekin ikusi genuen bezala, egoera larriak jazotzen direnean, Eusko Jarlaritzak beste alde batera begiratzen du. Gogoratu dezagun Jonan Fernandezek, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, aitortu zuela egoeraren horren berri izan zutela baina ohiko zerbitzu sozialek gainezka egin dutela. Beraz, inakzioa eta arduragabe jokatzea izan ziren Eusko Jaurlaritzaren erantzunak. Beste adibide bat litzateke EAJren eta PSEren esku dauden instituzioen inplikazioa gurasorik gabe heldutako adingabeen aferan; gaur egungo egoera kontutan hartzen badugu, hor ere errekurtso falta nabaria da.

LABek bere konpromisoa berretsi nahi du langile migrante guztiekin. Igandean Durangon adierazi genuen bezala, eskubide guztiak denontzat bermatzea ezinbestekoa da. Lanean jarraituko dugu, bai sindikatuaren barruan eta baita jendarteko beste eragile sozialekin, langile hauen eskubide politiko, sozial eta ekonomikoen alde.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Metalaren Merkataritzako hitzarmena lortzeko mobilizatu gara Bilbon

Hitzarmena iraungita dago 2019ko abenduaren 31tik.

Sortzen ari den enplegua prekarioa da

Langabeziaren beherakada ez da erregimen orokorreko afiliazioaren igoerarekiko proportzionala.

Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

Langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik abiatuta, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.