2025-04-18
HomeEkintza SozialaPrekarietatea sustatzen duen herri batek ez du etorkizunik, ez baitu bizitza duina...

Prekarietatea sustatzen duen herri batek ez du etorkizunik, ez baitu bizitza duina izateko aukerarik bermatzen

Enpleguaren kalitate kaskarrak eta prekarietateak bere horretan jarraitzen dute, Hego Euskal Herrian apirilean erregistratutako langabeziak behera egin duen arren. Hiru kolektiboren egoera nabarmendu nahiko genuke, emakumeak, 45 urtetik gorako langabeak eta gazteak.

Emakumeei dagokienez, aipatu beharrekoa da langabeen gehiengo direla (%57,7). Eta lana dutenen artean, lanaldi partzialek askoz presentzia handiagoa dute gizonekin alderatuz gero, egoera honek dakartzan ondorio guztiekin.

Langabeen adinari erreparatzen badiogu, 45 urtetik gorakoena da talderik zabalena, %50,57rekin, eta ondoren datoz 30etik 44 arterainokoa (%33,73), 25etik 29rainokoa (%8,18) eta 25 urtetik beherakoena (%7,40). Enplegua lortzeko zailtasunik handiena duen kolektiboko kideek, 45 urtetik gorakoek, osatzen dute erregistratutako langabetuen erdia baino gehiago, kolektibo bereziki zaurgarria eta enplegua aurkitzeko itzelezko zailtasuna dutenak.

Kontratazioari dagokionez, nabarmen geratzen da enpleguaren kalitate eskasa, prekarietateari ateak zabaltzen dizkiona. Izan ere, martxoko kontratuak aldi baterakoak izan ziren produkzio arrazoiengatik (%48,5) eta lan edo zerbitzuagatikoak (%26,3). Kontratu mugagabeak, aldiz, %5,2an kokatu ziren.

Lan merkatuaren egoera kaskar honek neurri larriagoan eragiten die gazteei, kalitate txarreko enplegua, prekarietateak goitik behera baldintzatua, soilik dutelako eskura.

Hortaz, erregistratutako langabeziaren jaitsierak ez du estaltzen kalitate txarreko enpleguan eta aldi- baterakotasunean oinarritutako lan-merkatua, bizitza duina aurrera eramatea zailtzen diona milaka eta milaka langileri. Prekarietatea sustatzen duen herri batek ez du etorkizunik, ez baitu bizitza duina izateko aukerarik bermatzen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.