2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaLurraldebuseko lineak egiten ditugun Pesako gidariok konponbide bat eskatzen dugu salmenta sistemak...

Lurraldebuseko lineak egiten ditugun Pesako gidariok konponbide bat eskatzen dugu salmenta sistemak eragindako arazoen aurrean

Arazoa Lurraldebusek, bereziki Bilboko aireportua-Donostia eta Donostia-Arrasate lineatan erabiltzen duen salmenta sistemak eragiten du, Transportes Pesako LAB sindikatuaren sail sindikalak salatutakoaren arabera.

Lehen kasuan, salmenta mota desberdinak daude, batetik aurre-salmenta egiten da (telematikoki) eta bestetik txartelak erosteko makina bat dago jarrita geltokian. Makina hau maiz trabatzen da eta askotan paperik gabe geratzen da, baina salmenta onartu egiten du, nahiz eta agiririk ez eman. Gainera, autobusean bertan txartela erosteko aurkera ere badago, azken aukera hau delarik arazo gehien sortzen dituena. Jende ugari egoten da autobus sarreran txartela bertan erosteko asmoarekin, baina askotan eserleku guztiak aurrez okupatuta daude. Gidariok, lehentasuna eman behar diegu eserlekua aurrez erosi dutenei, eta, ondoren, hutsik dauden eserlekuak saltzen hasten gara. Baina hau egitea ezinezkoa izaten da. Eserlekurik gabe geratzeko aukeraren aurrean, jendea urduri jartzen da, bultzaka eta oihuka hasten delarik, tentsio uneak sortuz. Nahi baino gehiagotan Ertzaintzari deitu behar izaten diogu jendearen jarrera oldarkorraren aurrean gure segurtasuna bermatu eta lan egiten jarraitu ahal izateko.

Duela gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio idazkaritzara jo dugu arazoaren berri emanez eta ez digu inolako erantzunik eman.

Gure eskaera oso sinplea da: txartelak saltzeko leihatila bat jar dadila Bizkaibusek duen bezala, eta salmenta osoa bertan zentralizatu dadila. Linea honek geroz eta erabiltzaile gehiago dauzka eta beste trataera bat merezi duela uste dugu, bai gidariekiko zein bezeroekiko ere.

Donostia-Arrasate lienari dagokionez, arazoa antzekoa da, nahiz eta ordu eta egun zehatz batzuetan ematen den. Aurre-salmenta bidez zein autobusean bertan eros daitezke txartelak, baina ez geltokiko leihatilan. Kasu honetan ere lehentasuna txartela aurrez erosia dutenek daukate, eta jendea eserlekurik gabe geratzen da autobusa iristean.

Gasteizko geltokian ere arazo berdina gertatzen zen, Eibar, Arrasate eta Donostiako lineatan. Kasu horretan arazoa honela konpondu zuten: Txartelak lehiatilan soilik saltzen ziren, ezin zen autobusean bertan erosi, lehiatila itxia zegoenean soilik saldu zitezkeen txartelak autobusean bertan. Berdina eskatzen dugu Donostiarako.

Egoera hauek antsietatea eta urduritasuna eragiten digute gidatzerakoan eta gainera ezinegona lan orduetatik kanpo ere pairatu behar izaten dugu. Gidariok ez gara zerbitzuan ematen diren arazoen erantzule eta ez dago gure esku hauek konpontzea.

Ez dugu arduraduna den administrazioaren isiltasun gehiago onartuko. Konponbide erraza duela uste dugu. Aintzat hartu ezean ez dugu mobiliazioetara jotzea beste irtenbiderik izango.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...