Hego Amerikan garai gogorrak bizi direla inork ezin du uka; kontinenteko bakea eta bizikidetza etengabeko gerra hotsek mehatxatzen dute. Balizko giza hondamendia hain da handia, ezen idatzi hau sinatzen dugunok bakearen, elkarrizketaren eta Venezuelaren burujabetze nazionalaren defentsaren aldeko mezu hau helarazi nahi baitiogu euskal gizarteari, interbentzio militarraren eta beraz balizko gerra baten aurkako ahotsa altxatzeko.
Ziurrenik ez dugu ezer berririk esango Venezuela Estatu Batuen inperialismoaren etengabeko erasoak pairatzen ari dela esaten badugu. Etengabeko eraso honen helburua prozesu bolivartarra indargabetzea eta suntsitzea da, bertan Estatu Batuen interesei men egingo dien gobernu bat ezartzeko, Venezuelak dituen aberastasun natural izugarriak kontrolatzen lagunduko diena.
1998ko abenduaren 6ko Hugo Chavezen garaipenak kontinentean paradigma aldaketa bat suposatu zuen. Inperioaren atzeko partea izateari utzi nahi zion kontinente batean aldaketa, eta askatasun prozesu bati ekin zitzaion, pertsonen ongizatea eta garapena oligarkien interes sozioekonomikoen gainetik jarriko zituzten prozesuak eraikitzeko lehen pausoak emanez. Mar de Platan 2005eko azaroan ospaturiko IV. Ameriketako Goi Bileran, Venezuela, Brasil, eta Uruguaiko gobernuek polo berri bat marraztu zuten, eta horrek Washingtonen alarma gorri guztiak piztu zituen.
Gaur egun, Hego Amerikan egoera oso bestelakoa bizi da. Brasil eta Argentina bezalako gobernu aurrerakoi batzuk erori ziren, eta eskuineko gobernu atzerakoi eta kasu batzuetan faxistak ere boterera iritsi dira. Dinamika eta politikei 180 graduko norabide aldaketa eman nahi diete. Aurreko hedapen eta ofentsiba faseko prozesu askatzaile eta aurrerakoiek eraso neoliberal honen aurkako erresistentzia fase berri bati egin diote tokia. Ofentsibaren tamaina ikusirik, neurri batean erasoari aurre egitea irabazteko modu bat dela esan daiteke.
Estatu kolpe eta diktadura militarretatik kolpe leun bezala deitu genitzakeen ezegonkortze estrategia eta ekimen judizialetara pasatu gara, Brasilen Dilma Rousseffen kontrako impeachment-arekin eta ondorengo Lula Da Silvaren espetxeratzearekin ikusi zen bezala.
Venezuelak ikaragarrizko natura aberastasunak ditu, eta horregatik, kosta ahala kosta, Estatu Batuek kontrolpean eduki nahi dituzte. Gasa, koltana eta, batez ere, petrolioa dira natura aberastasun garrantzitsuenak; Saudi Arabiako erreserbak baino handiagoak dira, adibidez. Ipar Amerikako inperioak aski ongi daki, Venezuelak zelako pisua duen erregioan eta batez ere Alba blokean, eta horregatik, Nicolas Maduroren gobernua eta Venezuelako herria itotzeko eskura dituen arma guztiak aktibatu ditu.
«Guarinbekin» eta kale istiluekin hasi zen ezegonkortze estrategia honek komunikabide garrantzitsuen laguntza osoa izan zuen fake news edo notizia faltsuak eraikitzeko eta chavismoa egiteko istilu eta egoeraren errudun. Estrategia horrek Venezuelaren kontrako zigor ekonomikoekin, sabotaje elektronikoekin eta, batez ere, Juan Guaido Venezuelako presidente zilegiaren auto-proklamazioarekin jarraitu zuen. Horrek, segituan, Estatu Batuen eta bere aliatuen, eta Europar Batasuneko 28 estatutik 15en aitortza izan zuen.
Venezuela ekonomikoki eta politikoki bakartzeko estrategiak, ordea, ez ditu espero zituzten fruituak eman, eta horregatik oposizioak egoera gogortzea erabaki du, Gobernuaren kontrako estatu kolpearekin ikusi den bezala. Oposizioak Maduroren gobernua bukatu nahi du kosta ahala kosta, eta horretarako tresna guztiak erabiltzeko prest dago estatu kolpea barne. Inperialismoarentzat gobernu hau botatzeko nahia Venezuela eta kontinente osoko bakearen gainetik dago.
Egoera honen aurrean, Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalek kanpo esku-hartzearen eta balizko interbentzio militar baten kontrako adierazpen publiko bat atera genuen. Sinatzaileok blokeoaren gogortzea eta gure ustez ematen ari zen gerra hotsen indartzea salatzen genuen.
Garrantzitsua iruditzen zaigu hain zaila den egoera honetan Venezuelaren, bere gobernuaren eta bere instituzioen burujabetza nazionalaren defentsa egitea eta hainbat alditan Venezuelako herriak adierazitako borondate demokratikoaren defentsa Euskal Herrian egitea. Mexiko, Uruguai, Bolivia eta Karibeko 14 herrialdek elkarrizketa eta bakearen alde eginiko saiakera indartzea bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu.
Hego Amerikan eta munduan bakea helburu duen elkarrizketa eta negoziazio saiakera babestu egiten ditu Euskal Herriko mugimendu sindikalak, eta balizko kanpo esku-hartze militarra ekidin eta salatzeko bere konpromisoa berresten du.
Hemen eta orain iniziatiba hau indartzeak berebiziko garrantzia dauka. Herri txiki honetatik egin dezakegun ekarpenik handiena bake, elkarrizketa eta Venezuela herri burujabearen errespetura ahalik eta jende gehien hurbiltzea da.