LAB sindikatuak gaurko deituta dagoen greba orokorrari begira Argentinako herriari eta bereziki bertako langile klaseari elkartasun mezu hau helaraten dio. Greba orokor hau CTA de los Trabajadores, CTA Autónoma, Pablo Moyanok zuzentzen duen Kamioi gidarien sindikatuak, Smatak, Banku langileen sindikatuak, Eredu Nazionalera Fronte Sindikalaren barne diren 70tik gora diren eragile sindikalek, hainbat gizarte eragilek eta bestelako eragilek deitu dute.
Greba orokor berri hau Argentinako herriak Macriren gobernuak inposatzen dizkion politika ekonomiko eta sozialekiko duen haserrearen adibide garbia da, hasteko herrialdean dagoen soldaten atzerapenaren salaketa garbi bat delarik. Aldi berean, Lan Erreformaren saiakera kontrako greba orokorra izateaz gain, Argentinako gobernuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren arteko akordioa eta prezioen igoera ikaragarria salatzen da. Hau guztiaz gain, deitzaileek pentsio sistemaren erreformaren indargabetzea exijitzen dute, pentsio duin batzuk aldarrikatzen dituzte.
Aipatutako guztiagatik, gure elkartasun eta babes guztia bidaltzen diogu Argentinako langile klaseari. Greba eguna Macriren gobernuak inposatzen duen eredu neo-liberal eta ultra-eskuinaren kontrako erakustaldi masibo bat izatea espero dugu. Inolako zalantzarik gabe, Argentinako gobernuak, Macri historiaren zakarrontzira bidaltzeko gogo biziz dagoen herri duin bat aurkituko du parez-pare. Atzera begiratzen dugunean, Mauricio Macriren gobernua hodei beltz bat bakar izan dela ikustea espero dugu, behin ekaitza baretuta zerua ireki eta askatasun, justizia sozial eta duintasun errebeldez beteriko zeru ertza marraztuko duena.