Sindikatuak kontzentrazioa egin du Gasteizen, Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan, burutzen ari den “ErlijiOFF” dinamikaren barruan. Honen helburua erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzea da. Eskari honekin, martxan jarria dute sinadura-bilketa eta horixe eskatuz, idatzia erregistratu du gaur LABek Jaurlaritzaren egoitzan.
Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen gehiengoak desiratzen duen hezkuntza sistema eraikitzeko ezinbestekoa zaigu guk gure hezkuntzaren inguruko erabakiak hartzea, hezkuntzan ere burujabetza eskuratzea. Ezinezkoa da Euskal Herriak behar duen euskal eskola publikoa eraikitzea Madril eta Parisek hezkuntzaren inguruan erabakitzea onartzen badugu.
Hezkuntza eredu propioaren norabidean espazioak irabazi baditugu ere, hezkuntza burujabetza osoa eskuratzea ezinbestekoa da aipatutako erronkei aurre egiteko. Euskal Herriko hezkuntza eredua Euskal Herriko hezkuntza komunitateak, jendarteak eta instituzioek adostu behar dute. Horixe da edozein hezkuntza akordio edo itunerako oinarrizko premisa.
Gure ortzimuga estrategikoa honako hau da: pertsona libreak hazi eta heziko dituen jendarte librea. Horretarako, eskola publiko komunitarioa ardatz izango duen hezkuntza sistema propioa eraikitzeko apustua egiten dugu. Norabide horretan, esan bezala, ezinbestekoa da hezkuntza burujabetza eskuratu eta behar dugun hezkuntza eredua gaurdanik garatzea, ditugun indarguneak baliatuz eta ahulguneei aurre eginez.
Duela lau urte, LABek IRUTEN dinamika martxan jarri zuen. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren eraikuntzan urrats praktikoak emateko, hausnarketa eta tresna eraginkorrak sortu eta partekatzea da dinamika honen xedea. Ebaluazio Hezitzailearen gaiari heldu genion lehenik, eta ikasturte honetan, Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abiatu dugu.
LABek Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditu, eta irizpide horien baitan hezkuntzaren izaera laikoa agertzen zaigu. Horrela, gure oinarri ideologikoen planteamenduan sakontzera gatoz dinamika berri honen bitartez.
Aurrekariak eta testuingurua
1. Erlijio desberdinetako ikasgaia (nagusiki katolikoa) urtez urte eskaintzen da Euskal Herriko ikastetxe publiko zein itundutakoen gehiengo zabalean. Erlijioa, gaur egungo elementu segregatzaile nagusienetakoa da. Erlijioek inongo ikastetxeko curriculumetan lekurik ez dutela ozen salatu nahi dugu.
2. Jakina da garai batean erlijioko irakasleek EAEko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan izan zuten sarbide iluna. Apezpikutzak kudeatutako zerrenda edo lan poltsa batetik ematen zuten jauzia irakaskuntzara, gerora, merituak pilatutakoan aukera zutelarik gainontzeko espezialitateetara igarotzeko. Gaur egun, zerrenda horiek administrazioak kudeatzen baditu ere, apezpikutzak ezartzen ditu zerrenda horietan sartzeko baldintzak. Gure ustez, onartezina da erakunde erlijioso batek zerrenda publiko batzuetarako irizpideak ezartzea.
3. Erlijio irakasle hauen lan jarduna, orohar, erlijio saio batzuk ematera mugatzen da; ez dute ikastetxeko jardun eta proiektu desberdinetan parte hartzeko beharrik. Gainera, irakasle hauetariko askok ez dute inondik inora euren asteko jarduna betetzen, jardun osoan kontratatuta daudelarik eta bataz- beste asteko 10 orduko lan jarduna betetzen dutelarik, irakasle arteko arrakalan ikaragarri sakonduz eta lan karga askoz baxuagoak izanez. Eta egoera bidegabe honek, irakasleen artean talka handiak sortzen ditu. Ondorioa argia da: irakasle hauek pribilegiatu hutsak dira Eusko Jaurlaritzaren babes, baimen eta bedeinkapenarekin.
4. LABek, erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik atera eta irakasle finko zein behin-behineko hauek birkokatzeko prozedura adostu baten aldeko hautua egiten du, dagozkion berme mekanismoak artikulatuz eta gardentasun printzipioak bermatuz. Gainontzeko irakasleak bezala, elizaren injerentziarik gabeko lan poltsa publikoen bidez eta egonkortasun prozesuen bidez eskuratu beharko dute lanpostua bestelako espezialitate batean, hauek lan baldintza berdinetan, eskubide eta bete-behar berdinekin esleituko zaizkielarik.
5. LABek, erlijioko irakasleengan ez duela fokoa jarri nahi argi adierazi nahi du, hauek ez baitute gaur egun ematen den egoerarekiko ardurarik ezta beroni buelta emateko eskumenik. Ardura politiko guztia eta konponbiderako eskumena Eusko Jaurlaritzak du eta berari egiten diogu interpelazio zuzena, gaiari eutsi eta erlijiorik gabeko bestelako Hezkuntza sistema bat hezkuntza komunitatearekin adostu eta abiarazi dezan.
Horretarako hurrengo neurriak martxan jartzea eskatzen dugu benetako hezkuntza laikoaren bidean:
– Epe laburrerako neurriak:
• Irakasle hauen pribilegioekin amaitu. Gainontzeko irakasleak bezala, kontratazioa euren lan orduetara egokitu.
• Zerrenden kudeaketa elizaren inferentziarik gabe administrazioaren esku geratzea, berdintasun, gardentasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatuz. Bitartean:
– Erlijio ikasgaia bakarrik eman dezatela.
– Erlijioko ordezko irakasleen meritajeak erlijioko arloan bakarrik konputatzea eta baremazio prozesuetan gainontzeko zerrendetara igarotzeko aukera bertan behera uztea.
• Ikasleen ratioak gainontzeko hautazko ikasgaiekin berdintzea eta hautazko ikasgaietako ratio horiek berrikustea.
• Erlijio ikasgaiak espedientean eraginik ez izatea.
• Erlijio katolikoko laboral finkoen kopurua berraztertzea.
• Erlijioko irakasleen formakuntza, apezpikutzak emandakoa bada, diru publikoz ez finantzatzea.
– Epe ertainerako neurriak:
• Irakasle hauen birkolokaziorako prozedura adostu. Administrazioak eta alde sozialak aterabide adostu bat artikulatu beharko dute, beti ere dagozkion berme mekanismoak eta gardentasun printzipioak bermatuz.
• Hezkuntza sistema burujabea artikulatzea.
• Estatua eta Elizaren arteko konkordatuarekin amaitzea.
• Erlijioa eskaintzen duten ikastetxeek finantziazio publikorik ez jasotzea.