2024-11-25
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakKristau Eskolaren teilatuan dago akordioaren pilota

Kristau Eskolaren teilatuan dago akordioaren pilota

LABek oso garbi dauka non dauden Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkarekin amaitzeko akordiorako gakoak. Gure helburua gatazka honetan ez da inolaz ere itunpeko sarearekin bukatzea, hori intoxikazio hutsa da. Sindikatuok negoziaziorako prestutasuna adierazi dugu; patronalaren teilatuan dago, beraz, akordioaren pilota, ez ditzala baloiak kanpora bota. Gauzak horrela egonda, LAB negoziazio erraztuko lukeen intermediazio prozesu bat onartzeko prest egon daiteke, baina inolaz ere ez ditugu geure buruak hirugarren batek egindako proposamen itxi bati binkulatuko. Argi daukagu langileok egindako ahalegin guztiak garaipenera eramango gaituela.

Astelehenean izandako mahai negoziatzailearen bilera ondoren sindikatu guztiok ez nahikotzat jo genuen patronalak egindako proposamena. Egia da aurrera pauso nabariak egon badaudela, baina oraindik gure ustez ezinbestekoak diren gai batzuetan hutsuneak daude:

• Langileen birkolokazio prozedura ez da zehazten. Patronalak planteatu duen bakarra enplegu galera egon daitezkeen zentroak identifikatzea da. Beste guztia asmoak besterik ez dira.

• Ordezkapenak Haur eta Lehen hezkuntza osoan ez dira egingo lehenengo egunetik.

• Planteatzen den soldata igoera puntuala da, ez da kontsolidatzen eta ez du soldata baxuenak dituzten langileak kontutan hartzen. Ez dugu onartuko kategorien arteko soldata arrakala handitzea eta kategoria prekarioenak zigortzea.

• Finantziazio Publikoari lotutako proposamenak eta negoziazio kolektiboa balio gabetzea ez dugu onartuko

• Lan hitzarmenerako planteatzen den indarraldia, 2023 urtera arte, luzeegia dela deritzogu.

Behin eta berriro esaten ari gara akordiorako gakoak ez daudela finantziazioan. Itunpeko ikastetxeetan gaur egun dauden arazoei aurre egiteko borondatea besterik ez da behar. Gure ustez Kristau Eskola patronalak ez du orain arte negoziaziorako borondate argirik erakutsi. Gatazkaren hasieratik sindikatuon desgastea bilatu du etengabe, negoziazio mahaian egoerari aterabidea emateko inolako proposamenik aurkeztu gabe.

Hilabete luze hauetan zehar Ikastolen lan hitzarmenerako izandako akordioari heldu nahi izan dio Kristau Eskolak. Bere bozeramailearen ahotan LABn ekinbidea ez dator bat Ikastoletan eta Gizarte Ekimeneko eskoletan. Argi eta garbi esan behar dugu hori gezurra dela, patronalaren bozeramaileak sindikatuon desgasterako erabiltzen ari den enegarren azpijokoa hain zuzen. Ezberdintasunak patronalaren negoziazio borondatean eta edukietan daude, ez beste inon.

Ikastoletan mobilizaziorik egin gabe akordio batera iristeko gaitasuna eduki dugu eta Gizarte Ekimenean 39 mahai negoziatzaile, 21 greba egun eta mobilizazio ugari egiten ari gara akordio bat erdiesteko:

• Guretzat oso garrantzitsua den birkolokazio akordioa hobetu dugu. Ikastoletan ez da matrikulazio jaitsieraren ondorioz enplegua galduko.

• Lan baldintza okerrenak dituen 0-3 zikloan soldatak parekatu eta lan zamak hobetu dira Ikastoletan. Gainera ordezkapenak lehen egunetik kategoria guztietan bermatzen dira.

• Bi urteko indarraldia daukan akordioa sinatu dugu, hurrengo urtean berriro negoziatzera goaz.

• Soldatarik baxuenak dituztenak izan dituzte soldata igoera altuenak ikastoletan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.
00:01:18

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.