2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaEztabaida irekia, zehatza eta gardena abiatu nahi dugu Osasunbidean, erizaintzako espezialitateak direla...

Eztabaida irekia, zehatza eta gardena abiatu nahi dugu Osasunbidean, erizaintzako espezialitateak direla eta

Erizaintzako espezialitateak garatu eta ezartzeko prozesuak berebiziko garrantzia du lanbidearen etorkizunerako. Hori dela eta, LABek eztabaida irekia, zehatza eta gardena abiatu nahi du.

Kalitatezko zerbitzua izango badugu, lanbide sustapena eta garapena bultzatuko baditugu eta erizainen eskubideak bermatuko baditugu, ezinbestekoa izango da lehenbizi erizaintzako zerbitzuen eginkizunak eta errealitatea hurbiletik ezagutzea eta, gisa horretan, espezializazioa adierazle tekniko eta asistentzialen bidez aztertzea.

Azterketa horiek egiteko, ezinbestean, erizaintzako langile guztien iritzia beharrezko zaigu, horretarako elkarrizketarako bidea irekita; hala, ez dugu bidegabekeriarik sortuko, eta plantillan egin beharreko moldaketak ere modu arrazionalean eta kalterik eragin gabe eginen ditugu.

Elkarrizketari ekiteko, LABek honako oinarriok proposatu ditu:

• Egungo egoera arautu bitarte, unitate espezializatuetako postuak espezialista-postu bihurtzeko prozesua geldiaraztea; era berean, prozesu horrek ukitutako langileek behar duten gaikuntza jasoko dute eta dagozkien eskubideak aitortu beharko zaizkie.
• Araubide bat ezartzea espezialista tituludunek postu libreetan izan dezaten sarbidea, inola ere ez beste profesional baten jarduneko postuetan.
• Erizain espezialisten lanpostuak sortzea, betiere proiektu sendo baten baitan, proiektu antolatua, adostua eta aldian behingo auditoriak aurreikusten dituena.
• Osasun arloko Mahai Sektoriala abiatzea; Mahai hori izanen da negoziaziorako gune legala, baita espezialitateak zehazteko prozesuan negoziazioaren emaitzak aplikatzeko gunea ere, bidezkoa denean.

Bien bitartean, exijitzen dugu erizaintzako zuzendaritza-taldeek atxikita dituzten postuak askatzea. Izan ere, Nafarroako Ospitalegunearen zein Osasun Mentalaren azken egokitzapenetan, zuzendariok beren kabuz gorde egin dute postu mordoska (40tik gora dira erizaintza pediatriakoak eta 10 osasun mentalekoak); jokabide horren ondorioz, langile finkoei mugitzeko aukera kendu egin zaie, eta kontratatuei, berriz, kontratuak prekarizatu.

Antzera gerta liteke laster ezarriko den erizaintza komunitarioaren espezialitatearekin: lekualdaketa prozesuetan mugitzeko aukerarik gabe gelditzea.

Osasunbideak ekin egin behar dio espezialiateen ezarpen prozesuari, modu arrazionalean, errealistan eta negoziatuan. Prozesu horretan, funtsezkoa izango da kontuan hartzea zenbat profesional diren beharrezkoak eta baita espezialisten prestutasuna ere; hala, gainerako langileen eskubideak ere errespetatuko dira eta alferrikako istiluak saihestuko dira. Horrela ez bada, estatuaren egungo sistema izango dugu: zentralizatua da baina koordinazio eskasekoa, eta ez ditu kontuan hartzen zerbitzuen errealitatea, ezta premiak ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.