2024-07-22
HomeZerbitzu PribatuakBankaBBVAren irabaziak odolez zikinduta daudela salatu dugu

BBVAren irabaziak odolez zikinduta daudela salatu dugu

Gaur goizean, BBVAren kontrako Plataformako eta EHk Kapitalari Planto! Kanpainaren aktibista talde batek akzio bat burutu du Euskalduna Jauregian, BBVAren Akziodunen Batzarra ospatzen ari zela. Bankuak irabaziak lortzeko garatzen dituen zenbait jarduera salatzea eta euskal erakundeen eskutik jasotzen duen mesede tratua salatzea izan da ekintza honen helburua. Protesta-akzio hau jada ohikoa da, urtero burutzen baita 2008ko batzarrean lehendabiziz egin zenetik. LAB, beste eragile batzuekin batera, EHk Kapitalari Planto! Kanpainaren parte da.

BBVAren irabaziak odolez zikinduta daudela sinbolizatzeko, zenbait ekintzailek pintura gorria jaurti dute buru gainetik batzarraren sarreran. Pintura horrek banku honen jarduera askok pertsona eta kolektibo ugariren gain eragiten dituzten ondorio latzak irudikatu nahi ditu.

Bi plataformen bozeramaileek duela hamabi urte BBVAren Akziodunen Batzarraren aurrean protestatzen hasteko arrazoiak erabat indarrean jarraitzen dutela adierazi dute. Arrazoi hauen artean, hurrengoak:

• BBVA liderra da Espainiako bankuen artean armagintza-industriarekiko inbertsioetan. Azken 5 urteetan,  2.678 milioi bideratu ditu hainbat enpresa finantzatzeko, Maxam, General Dynamics, Airbus edo Boeing, kasu. Enpresa hauek guda desberdinetan erabiliak diren zenbait arma mota desberdin egiten dituzte, munduan zehar milioika pertsonen heriotza eta derrigorrezko lekualdaketa eraginez.

• Nahiz eta banku-erreskatetik 13.000 milioi euro baino gehiago eskuratu dituen, erakunde honek urtero ehundaka etxegabetze exekutatzen jarraitzen du, praktika honen geldiketa iragarri badu ere.

• Pentsioen pribatizazioan sakontzeko presioa eragiten duen banku-lobbyaren parte da, pertsona jubilatuen erabateko gehiengoa gaur egun babesten duen eredu publikoaren kalterako.

• Banku honek ingurugiro zein gizarte-inpaktu larriak eragiten dituzten makroproiektuak finantzatzen jarraitzen du mundu osoan zehar. Hauen artean honakoak aipa ditzakegu: Hidroituango megaproiektua Kolonbian, 13.000 pertsona lekualdatu dituena eta presaren aurka ziharduten 7 aktibisten hilketa suposatu duena; eta Isiluko presaren eraikuntza, Kurdistan turkiarrean kokatzen dena, eta inguruko bizilagunak kaltzetzen dituzten ingurugiro, gizarte eta kultur inpaktu larriak eragiten ari dena.

Banketxearen irabazien iturri diren jarduera kaltegarriez gain, ekintzaileek Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dioten mesede tratua salatu nahi izan dute, baita ere, sozietate-zergaren beherapenaren bitartez edota bankuarentzat mesedegarri diren akordien sinaketaren bitartez (hainbat urtez erabilpenik gabe dagoen Bilboko "BBVA dorrea"-ren erreskatea kasu, funts publikoen bitartez bideratutakoa).

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.