2024-11-23
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaBizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek euren lanaren balioa eta gizarte-garrantzia nabarmendu...

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek euren lanaren balioa eta gizarte-garrantzia nabarmendu dituzte

Martxorako iragarritako hiru greba egunetatik azkena egin dute gaur, eta agerraldi bat egin dute Bilboko udaletxearen aurrean. Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak borrokan daude, hitzarmen duin baten alde.

Etxez Etxeko Zerbitzuko langileok hurrengo mezu hau bidali nahi diogu Bizkaiko gizarteari:

Zainketa-arloko lanetan jarduteagatik eta emakume izateagatik baldintza prekarioetan lan egin behar dugu. Hori dela-eta, M8ko greba feministaren alde agertzen gara, eta genero-desberdintasunik gabeko gizarte batengatiko borrokan parte hartzeko konpromiso sendoa hartzen dugu.

Etxez Etxeko Laguntzaren sektorea ugalketa-arloarekin loturik agertzen da, eta horregatik bai herri-erakundeek, bai sistema kapitalista heteropatriarkalak esparru pribatura zokoratu dute, lan-sistema formaletik kanpo utziz, eta rol hori emakumeoi esleitu zaigu.

Langileok zerbitzuaren balioa eta gizarte-garrantzia azpimarratu nahi ditugu, eta azken urteotan egin izan diren murrizketak salatu. Udalei dagokie Etxez Etxeko Laguntzaren eskumena, baina haren prestazioa lizitazioen bidez azpikontratatzen dute.

Azken 6 urteotan udalek emandako ordu-kopuruak gutxituz joan dira etengabe. Zenbait udaletan gainbehera hori zerbitzu-orduen %30ekoa izatera heldu da.

Murrizketa horiek ondorio txarrak eragin dituzte arreta-arloan zein lan-arloan.

Arreta sozialaren arloari dagokionez:

• Gure zerbitzuko erabiltzaileak gero eta gehiago dira, eta zerbitzu-orduak gero eta gutxiago; beraz laneko ordu bakoitzean eginkizun gehiago dago, eta ondorioz zerbitzuaren kalitatea hondatuz doa apurka-apurka. Etxez Etxeko Laguntza behar dutenei ematen zaien zerbitzua nahikoa ez delako iritzi orokorra dago.
• Gure zerbitzua, zainketa-lana denez, ikusezina eta aitortzarik gabekoa da.

Lan-arloaren aldetik, lanpostuak eta lan-eskubideak galdu izan ditugu urterik urte:

• Enpresek nahiago duten kontratazio-mota behin-behinekoa eta lanaldi partzialekoa da.
• Lanaldien malgutasunak eragozten du lanaren eta norberaren bizitzen kontziliazioa. Ordutegi-aldaketak etengabeak dira eta ia beti egon behar gara lanerako prest.
• Azken 7 urteotan gure eros-ahalmenaren %7 galdu dugu, soldata-izozketaren ondorioz.
• Segurtasun- eta osasun-neurriak hutsaren hurrengo dira, arrisku psiko-sozial handiak egon arren: bakarrean lan egin, etxe askotan gabezia handiekin, mugikortasunerako euskarri mekanikorik eza, artatu beharreko etxeak sakabanaturik daude, laneko erritmo azkarrak, artatu beharreko pertsonek batzuetan patologiak dituzte (eta eraso fisiko edo ahozkoen bidez agertzen dira), gure zerbitzuaren jasotzaileak osasun fisiko eta mentalaren narriadura pairatzen duten pertsonak dira eta horrek badu bere pisu emozionala guretzat, eta abar.
• Eta zer esanik ez, sexu-jazarpenak: izaera sexualeko iruzkinak, hurbilketak, zirriak, besarkadak, musuak…

Horren atzean emakumeak zapaltzeko sistema bat dago. Genero-izaerako diskriminazioak, emakumeok pairatzen ditugunak, ez dira hutsegite bakanak, egiturazko arazoa baizik.

Egoera horren erantzuleak, patronalekin batera, udalak dira. Horiek zainketa-lanak esparru pribatura edo ezkutuko ekonomiara itzultzeko hautua egin dute. Hori da azalpen bakarra etxez etxeko laguntzan gertatzen ari dena ulertzeko. Hala eta guztiz ere, egun hauetan entzuten diren diskurtsoak ohiko zurikeriaz idatzita daude, honela dio EUDELen Martxoaren 8ko Adierazpenak:

"Bizia iraunarazteko lan guztiak beharrezkoak direnez, bai ordainduak direnak, bai ordainduak ez direnak, zainketa-lanak, gehienbat emakumeen kontura doazenak, esparru pribatutik atera behar dira. Horrek esan nahi du etxeko lana eta zainketa-lana gizarteratu behar direla, eta gizonek zein erakunde publikoek lan horien ardura hartu behar dutela zuzenean".
"…………..Udalak behar diren politika publikoak taxutzeko ardura hartzen du, benetako berdintasuna bermatzearren.
“………….Udalak zainketa-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko ardura hartzen du".

Hala ere, udal bizkaitarrek, Zierbenan eman berri den kasuan bezala, beheraka lizitatzen jarraitzen dute, egungo lan hitzarmenaren baldintzak ordaintzeko nahikoa ez diren prezio/orduetan zerbitzuaren prestazioa enpresei esleituz.

Gainera, orduko prezioa igo den udal eskasetan, Portugaleteko kasuan adibidez, igoera honek ez du ondoriorik izan langileengan, enpresen mozkinetan eragina izanda bakarrik.

Urteak daramatzagu murrizketak jasaten, eta bi urtetan gatazkan haien oraingo aldarriak eskatzen. Etxez etxeko laguntzako langileok suminduta gaude! Haienak hitz ederrak dira; baina guk, esanak baino, eginak nahi ditugu. Sektoreko langileok hitza betetzeko eskatzen diegu udalei.

Horregatik guztiagatik, bihar, 2019ko martxoaren 8an, Etxez Etxeko Laguntzako langileok –emakume, feminista eta langile garen aldetik– kalera aterako gara benetako aldaketen alde.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.