2024-11-22
HomeEmakumeakMartxoak 8Martxoaren 8ko greba feministan parte hartzeko deia egiten dugu

Martxoaren 8ko greba feministan parte hartzeko deia egiten dugu

LAB sindikatuak “Kapitala Hautsi bizitzari eutsi” lelopean Euskal Herriko Mugimendu Feministaren greba feministarako deialdiarekin bat egin dugu “Kapitalismo Heteropatriarkalari planto” leloa jarraituz. 24 orduko greba feminista honetan emakume* langile guztiak parte hartzera animatzen ditugu lana-enplegua dikotomia faltsuarekin apurtuz eta publiko-pribatua, produktibo-erreproduktibo kategoria baztertzaileak salatuz.

Urtarrilaren 18an Donostian elkartutako LABeko Emakumeen Batzarrak greban parte hartzeko deia egin genuenetik, ugariak izan dira sindikatuak deialdiari begira egindako ekimenak.

Barruko lanari dagokionez, LABen Emakume Sareak asanbladak egin ditu eskualdez eskualde, soldata- arrakalaren gaia, pikete-feminista eta martxoaren 8rako aurre-lanketa eta deialdia ardatz hartuta. Honetaz gain, asanblada mistoak ere egin ditugu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzan. Honetaz gain, parte-hartze aktiboa izan dugu LABeko emakumeok* Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako espazioetan.

Kanpoko lanari dagokionez, ugariak izan dira egindako ekimenak. Otsailaren 6an euskal gehiengo sindikaleko gainontzeko sindikatuekin 24 ordutako grebarako deialdia egin genuen Bilbo zein Iruñean. Otsailaren 22an Emakunderen egoitza okupatu genuen Gasteizen, soldata-arrakala arazo politikoa dela salatzeko. Iruñean ere egin genuen mobilizazioa egun berean, Parlamentuaren aurrean, bertan neurri eta eskari zehatzak eginez.

Soldata-arrakalaren salaketa Gasteizko Osakidetzako zerbitzu zentraletara eraman genuen, eta pikete feministarekin Donostia zeharkatu genuen bizikleta-martxakin, honez gain, propaganda banatzen ibili gara Ordiziako azokan. Bilbon, “Neskamearen ipuina” irudikatuz, sektore feminizatuen gatazkak eta lan egoera salatu ditugu LABeko emakumeok. Hainbat eskualdetan, eginak dituzte antzerako ekimenak. Sakanan esaterako (soldata- arrakalaren inguruko informazioa biltzen egon ginen Nafarroako Lansareak Altsasun duen egoitzan).

Honetaz gain, soldata-arrakalaren inguruko kuaderno sindikala atera du sindikatuak eta Arantxa Vazquez eta Eli Etxeberria idazkaritza feministako kideek soldata-arrakalaren inguruko iritzi-artikulua osatu dute.

Aste honetan bertan ere ekimen gehiago egin du LABek, adibidez, Gizarte Segurantzaren bulego baten aurrean mobilizatuko da Sestaon martxoaren 6an.

Martxoaren 8an LABen egoitzak zabalik egongo dira, baina ez dute normaltasunez funtzionatuko, emakumeok* egongo ez garen neurrian. Batetik, emakumeon* lana edo egitekoa ez da ordezkatuko, beraz lan asko ezingo dira aurrera eraman egun horretan. Bestetik, emakumezkoak* egongo ez garenez egun horretan ezingo da bilerarik edota jarduera kolektiboa eskatzen duten bestelakorik burutu.

Bizitzaren sostengarritasuna erdigunean izango duen eta horretarako beharrezkoak diren zaintza lan guztien aitortuko duen Euskak Herria libre feminista baten eraikitzeko bidean, Martxoak 8an kaleetan elkartuko gara!

Gora borroka feminista!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.