2024-11-24
HomeEkintza SindikalaPrekarietatearen eta estatalizazioaren kontrako borrokari eutsiko diogu, Gasteizko Legebiltzarrak entzungor egin arren

Prekarietatearen eta estatalizazioaren kontrako borrokari eutsiko diogu, Gasteizko Legebiltzarrak entzungor egin arren

Lan erreformen inguruko Legez Besteko Proposamena eztabaidatu da Parlamentuko osoko bilkuran, eta, ondoren, LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak balorazioa egin dute komunikabideen aurrean, Legebiltzarrean bertan: "Ez da egon proposamenaren aldeko gehiengorik, baina argi izan dezala Legebiltzar honek guk lanean jarraituko dugula, lan gatazkak ugarituko direla eta, goiz ala beranduago, Legebiltzarrak heldu beharko diola funtsezko afera honi”, adierazi du Igor Arroyok.

Urtarrilaren 3an, LABek idatzi bat erregistratu zuen Gasteizko Legebiltzarrean, 2010 eta 2012ko lan erreformen aurka posizionatu dadin eta horiek osoki bertan behera uztea eskatu dezan, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsako neurriak hartzeko ere eskatu zuen sindikatuak.

Gaur, lan erreformen inguruko Legez Besteko Proposamena eztabaidatu da Parlamentuko osoko bilkuran, eta, ondoren, LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak balorazioa egin dute komunikabideen aurrean, Legebiltzarrean bertan.

LABeko ordezkariek azaldutakoaren arabera, garrantzitsua da gaurko ekimenaren testuingurua kokatzea. Azken urteotan inboluzio prozesu bikoitza bizi izan dugu: inboluzio soziala eta inboluzio politikoa. Eskubide laboralak eta sozialak murriztu egin dira erreformaz erreforma, eta zentralizazio prozesua areagotu da; lan harremanetan, prekarizazio prozesua eta estatalizazioa eskutik joan dira. Inboluzio prozesua areagotzeko mehatxua hor dago, ikusi besterik ez dago Espainiako Senatuko adierazpena, erabat ez nahikoa zen estatutua bera ez betetzea aldarrikatuz. Hala, Igor Arroyok nabarmendu duen bezala, “gure ustez, hemengo instituzioak ezin dira begirale hutsak izan, erabakiak hartu behar dituzte inboluzio prozesuaren aurrean oro har eta lan harremanei dagokionean zehazki”.

Lan harremanei dagokionez, abenduan Lan Erreformaren erreforma egiteko asmoa plazaratu zen Madrilen. Omen, elkarrizketa sozialeko mahaia eta Gobernuaren artean gaiaz mintzatzen ari ziren. Orduan jakin genuenez, erreformaren erreforma hori oso murritza zen: 2010 eta 2012ko lan erreformetan zeuden 13 atzerapausuetako 3etan baino ez zen aurreikusten aldaketa txikiak egitea. Alegia: lan erreformek ezarritako jokalekua eta, bereziki, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ontzat ematen zuten hala PSOEren Gobernuak nola UGT eta CCOOek. Eta gainera, CEOEk argi adierazi zuen aldaketa txiki horiek egitearen kontrako jarrera.

Aldiz, bestelakoa da EAEko egoera. Madrilen nagusi diren sindikatuak gutxiengoan daude EAEn, are eta gehiago azken haustekunde sindikalen ondotik. LABentzat modu ez nahikoan bada ere, hemengo lan hitzarmenak babesten saiatzeko Akordio Interprofesional bat sinatua dugu sindikatu guztiok eta patronalak. Lan erreformen kontrako jarrera nagusi da gure jendartean.

Gauzak horrela, Igor Arroyoren hitzetan, “Madrilen zer gertatuko den aiduru egon beharrean, hemen bertan ekiteko garaia da. Ildo honetan, LAB sindikatutik estatalizazioaren kontrako bi orduko lanuzteak antolatu genituen pasa den maiatzean eta orain euskal instituzioei neurriak har ditzan eskatzera etorri gara. Oso gauza sinplea baina garrantzitsua eskatzen dugu: errespeta daitezela hemengo gehiengoak, errespeta daitezela hemengo akordioak, hemengo lan hitzarmenak”.

Bi eskaera
Agerraldian, Eusko Legebiltzarrak zer nolako neurriak har ditzakeen adierazi dugu. Nagusiki bi dira. “Lehenik eta behin, gaur egungo eskumenez baliatuta, hemengo lan hitzarmenak kontratazio publikoaren bitartez babestu ditzake. Hori zen gaurko legez besteko proposamenean eskatzen zena: bertako lan hitzarmena betetzea izan dadila kontratu publikoak eskuratzeko ezinbesteko baldintza. Antzeko zerbait egin da Nafarroako legebiltzarrean, kontratazio publikoaren lege berrian, eta ez dugu ulertzen zergatik tematzen den EAJ hori eragozten EAEren kasuan”, esan du LABeko idazkari nagusi ondokoak.

Bigarrenik, Madrilen hartu diren eta hartuko diren murrizketek euskal langileongan eraginik izan ez dezaten, eta eskubide laboralak berreskuartu eta zabaldu ahal izan ditzagun, lan harremanetarako esparru propioa eraiki beharra dagoela aldarrikatu du Igor Arroyok: “Estatus berrirako proposamenean jasota dago helburu hori eta hura sinatu zuten indar politikoei eskatzen diegu testu horrekiko koerentziaz jokatu dezaten”.

Hauxe da eskatutakoa Legebiltzarreko taldeei. “EH Bilduk aintzat hartu du gure eskaria eta eskertzen diogu horrela egin izana. Ez da egon horren aldeko gehiengorik, baina argi izan dezala Legebiltzar honek guk lanean jarraituko dugula, lan gatazkak ugarituko direla eta, goiz ala beranduago, Legebiltzarrak heldu beharko diola funtsezko afera honi”, erantsi du LABeko idazkari nagusi ondokoak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.