2024-11-22
HomeEkintza SindikalaIñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko exijitu dugu Gipuzkoako Aldundiaren aurrean

Iñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko exijitu dugu Gipuzkoako Aldundiaren aurrean

Iñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko eskatu dute bere lankideek eta Gipuzkoako Aldundiko langileek, Donostian, Foru Jauregiaren aurrean. Hain zuzen ere, hainbat mobilizazio egin dituzte aldarrikapen honekin, azken hilabeteetan, Iñaki Igerategik pairatzen duen “zigor bikoitza” salatzeko.

Iñaki Igerategi Gipuzkoako Aldundiko suhiltzailea zen eta Tolosako parkean jarduten zuen 2012. urteko otsailean Espainiako poliziak atxilotu zuenean. Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu eta gero, 6 urteko espetxe eta inhabilitazio zigorrak ezarri zizkion. Bere zigorrak beteta, 2018. urteko otsailean espetxetik atera zen eta bere suhiltzaile lanpostura itzultzea eskatu zion Aldundiari. Aldundiak, aurrekari legalei muzin eginez, ukatu zion bere lanpostura itzultzeko eskubidea eta Funtzionario Karreratik baztertu zuen, beteta zuen zigorrari beste bat erantsiz.

Erabakia oso larria da, Iñaki Igerategik eskubide osoa duelako bere lanpostura bueltatzeko. Eta are larriagoa da, Gipuzkoako Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzuan gabezia pertsonal handiak daudenean, azken asteotan suhiltzaile-etxe bat itxita izatera ere behartu dutenak. Bitartean, Iñaki Igerategi, bere profesionaltasuna urteetan erakutsi zuena eta herritarren zerbitzurako prestutasun guztia agertu duena, kalean utzi dute, suhiltzaileak soberan baleude bezala.

Ebazpena, maiatza inguruan
Otsailaren 21ean bigarren bilera bat eduki zuten Iñakiren abokatuek Imanol Lasarekin eta bertan argi geratu zen, are argiago, Aldundiaren borondate eza egoera nolabait bideratzeko. Beraien hitz onak ekintzekin kontrastatzen saiatu gara eta hitz ustelak direla beste ondoriorik ez dugu atera.

Beraz, borrokarako ordua heldu da. Iñaki laguntzeko, Aldundiaren kolaborazionismo lotsagarria salatzeko Espainiako Estatuaren errepresio neurrigabearekin, eta baita geure buruak babesteko inhabilitazioaren zigorraren erabilpen ankerraren aurrean. Inhabilitazioarena arma arriskutsua da administrazioaren eskuetan, eta kontutan eduki beharko dugu, etorkizunean, errezegi erabil ez dezaten gu mehatxupean eta paralizaturik mantentzeko.

Iñakirena borroka zaila izango da, baina borrokatu beharrekoa. Elkartasun kontua da, lehenik eta behin. Ezin dugu onartu Aldundiari dohainik atera dakion gure kideari egin diona. Nahikoa pairatu eta “ordaindu” du Iñakik, eta orain, ogibidea bera ere kendu dio Aldundiak. Bestalde, gure eskubideak babesteko garaia ere bada. Gaur Iñaki izan da inhabilitatua eta bihar beste edonor izan daiteke, beste edozein aitzakia medio.
Borroka luzea izan daiteke, eta indarrak ondo neurtu beharko ditugu, batez ere zerbitzu hobeago baten alde borrokan gauden honetan. Ziurrenik fase ezberdinak izango ditu borrokak. Orain, eta maiatza bitartean, garrantzitsua izango da azeleradorea zapaltzea. Iñakiren errekurtsoa maiatzaren bueltan ebatziko da, eta maiatzean ere hauteskundeak izango dira. 

Beraz, esfortzu berezia eskatzen dugu Iñakiren aldeko lanean, Aldundiko langileen artean; bere etorkizuna baldintzatzeko aukeretan “leiho txiki bat” izango baitugu irekita. 

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.