2024-11-22
HomeEkintza Soziala: "EAJk, PSEk eta PPk umezurtz utzi dituzte pobrezia eta bazterketa sozialaren...

[IRITZIA]: “EAJk, PSEk eta PPk umezurtz utzi dituzte pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako 51.000 ahots”

Bea Martxueta, LABeko ekintza sozialeko idazkariaren iritzi-artikulua:

Orain urte bete Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak martxan jarritako Herri Ekimen Legegilearen (HEL) ibilbideari EAJk, PSEk eta PPk amaiera eman diote. Zorionez, EH Bildu eta Podemos gure alde izan ditugu. Ekimen horren helburua egun indarrean dagoen babes sozialaren estaldura zabaltzea zen, handitzea. Konkretuki bi lege aldatu nahi genituen: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) 18/2008 eta Etxebizitzaren Legea 3/2005. Tamalez, hain beharrezkoa dugun eztabaidarako bidea galarazi digute. 51.000 sinadura ezer ezean utzi dituzte. 51.000 bai bestelako babes sistema sozial baten alde, 51.000 ahots pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontra umezurtz utzi dituzte.

Datuen arabera, gero eta jende gehiagok babesa behar du. Pobrezia eta desberdintasun sozialen inguruko azken inkestaren arabera, DBSE, etxebizitza prestazioak eta larrialdi sozialeko laguntzen sistemak 2016an 134.563 lagunen premiei eman zien erantzuna, hau da, EAEko herritarren %6,3ari. 2008an ordea, 83.023 lagun izan ziren (herritarren %3,9). Hortaz, 2008tik 2016ra bitartean laguntza jaso izan duten lagun kopurua %62 handitu da.

2018ko datuetan arreta jarriz gero, alde batetik, prestazio hau jasotzen dutenen artean, jada %20 langile pobreak dira eta etengabe haziz doan kolektiboa da. Bestetik, %25,7 miseriazko pentsioak jasotzen dituzten pentsionistak dira. Eta, eskubide horren %57,7 onuradunak emakumeak dira. Berriro ere, genero perspektibatik aztertuz gero, datuek argi erakusten dute egiturazko bazterkeria egoera: DSBE jaso behar dutenen artean gehiengoa emakumezkoa da.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoa gutxieneko estaldura eskaintzea da eta horretarako sistema deseraikitzen ari dira azkenengo urte hauetan: prestazioa eskuratzeko baldintzak gogortzen dituzte eta diru kopuruan ere beheranzko joera dago. Horrela, adosten dituzten murrizketek kolektibo horien bizi kalitatean zuzenean eragingo dute eta bizi autonomoa garatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak ukatuko dizkiete. Zentzu horretan, 2012. urtetik gaur egun arte, %13,5eko murrizketa jasan izan du eskubide horrek. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren erabakia tarteko – Espainiako Gobernuak 2019 urterako ezarritako Gutxieneko soldata ez aplikatzeak – DSEn kopuruak 2019rako %30 baino gehiagoko murrizketa izanen luke.

Gauzak horrela, berriro ere, EAEko gizarte babeserako ereduari buruzko eztabaida era faltsuan itxiko da. Emanen ez den baina eman beharko litzakeen eztabaidan, agerian utzi beharko litzateke lan harremanen eta gizarte segurantzaren alorrean eskumenik ez izateak (Lan Harremanetarako eta Gizarte Segurantzako Euskal Esparrua) Madrilen erabakitako lan erreformek eta pentsio murrizketek eragindako ondorioei DSBEren bidez aurre egin behar izatera garamatzala. Pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren igoera, langile pobreen errealitate berria eta pentsio apalak, Madrildik hartutako erabakien ondorio zuzenak dira.

Hemendik aurrera, eremu horretan geratzen dena EAJ eta PSEk aurkezturiko lege proposamena da, HEL neutralizatzeko helburuarekin sortua. Ez hori bakarrik: mugimendu horrekin, urte bete lehenago Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako 18/2008 legea erreformatzeko prozesua zartatu egin zuten, beharrezkoak ziren eztabaida eta bermeak mugatuz. Finean, gai horren inguruan premiazkoa den adostasun soziala ekidin nahi izan dute.

Gure HELri ezetza emateko arrazoiren artean, EAJk beraien lege proposamenean mugimendu sozialen eta sindikatuen ekarpenak jasotzen direla argudiatu zuen. Hori ez da horrela. Lege proposamenaren erreferentzia Jaurlaritzak duela urtebete aurkeztu zuen oinarrien dokumentua da alegia, neurri berberak. Neurri horiek, bere momentuan, hainbat kritika jaso zituzten, gaur egun indarrean dagoen araudiarekin konparatuta DSBE murriztera baitatoz. Mugimendu sozialek, gehiengo sindikalak eta aurkeztutako HELak agerpen parlamentarioetan azaldu eta eskatutakoari entzungor egin eta bere momentuan kritikatutako neurriei eutsi diete.

Ondorioz, lege proposamenaren aurka agertzen gara eta babes sistemaren inguruan herri honek beharrezkoa duen eztabaida abian jartzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Gaur egungo jendartean, ekonomian eta lan munduan daukagun egoerari erantzuteko benetako aldaketak behar ditugu. DSBE gizarte kohesiorako benetako tresna bihurtzeko borondate politikoa behar da, bai eta politika integralak garatzeko tresnak izateko beharrari heltzeko borondate politikoa ere. LABek lanean jarraituko du gaur egungo eta etorkizuneko jendarteak behar duen euskal babes sistemaren eztabaidan sakontzen. LABek Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko borrokan tinko jarraituko du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.