2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaGuztiontzat lan baldintza duin batzuk jasotzen dituen hitzarmena sinatzea dugu helburu Iruñerriko...

Guztiontzat lan baldintza duin batzuk jasotzen dituen hitzarmena sinatzea dugu helburu Iruñerriko TCC enpresan

Iruñerriko TCC enpresan langileek deituriko mobilizazioen harira, LAB sindikatuak hainbat argibide eman nahi ditu, egunotan sortu duten nahaste-borrasteari aurre egin nahian.

Hauek dira argibideak:

• Bi urteko negoziazioaren ostean iritsi gara egoera honetara. Negoziazio horretan, enpresaren immobilismoaren aitzinean, langileen Batzordearen sindikatu guztiak batera ari ziren.

• Iragan abenduko hauteskunde sindikalak egin baino egun batzuk lehenago, UGT eta CCOO plataforma bateratutik atera ziren besteekin ezer kontrastatu gabe, enpresak planteatutako proposamena onartzeko asmo nabarmenarekin.

• Hauteskundeetatik honako Enpresa Batzordea atera zen: UGT (5 delegatu), ELA (4), ATTU (3), CCOO (3) eta LAB (2).

• Hauteskundeen ondotik, Enpresa Batzordearen gehiengoak (ELA, ATTU eta LAB) beste proposamen bat egin zuen, baina enpresak berehala baztertu zuen.

• UGTk eta CCOOk enpresarekin lortu duten akordioa Langileen Estatututik at dago eta eragin mugatua du. Akordio horri ezin zaio Hitzarmen Kolektibo deitu, hala deitu ahal izateko Enpresa Batzordearen gehiengoaren babesa izan beharko lukeelako. UGTk eta CCOOk ez dute gehiengorik.

• Langileek banan-banan egin behar dute bat akordio horrekin eta, beraz, enpresak langile bakoitzarekin egiten duen paktua da.

• Eragin mugatuko halako akordioak egin izan direnetan, oso gutxitan ezarri dute sinatzeko epemuga bat. Kasu honetan, astebeteko epea eman zuten enpresak eta UGTk eta CCOOk.

• UGTk eta CCOOk adierazi dute TCCko langileen %99k eman diola oniritzia akordioari, eta hori ez da horrela. Langileek banan-banan sinatu dute -nahiz eta ados ez egon- horixe zelako modu bakarra enpresak azken urteetan atxikituriko KPIak jasotzeko. Argi utzi nahi dugu KPI horiek berreskuratzea zela sindikatu guztiok negoziazio mahaian lehen egunetik jarri genuen aldarrikapen bat. TCC, UGTren eta CCOOren babesarekin, horretaz baliatu da eta langile bakoitzari zegokiona itzultzearen truke koadrante berezi bat ezarri du, prekaritate gehiago ekarriko duena.

• LABeko bi ordezkariek ez dute akordio hori sinatu eta, beraz, ez dute jasoko dagozkien atzerapenen ordainketarik.

• Otsailaren 7an negoziazio mahaiaren bilera egitea eskatu zitzaion enpresari. Atzo eman zuen ezezko erantzuna.

• LABek langile guztiontzat izango den hitzarmen baten aldeko jarrera aktiboa izan du negoziazio mahaia osatu zen lehenengo egunetik eta hala izaten jarraituko du. Guztiontzat lan baldintza duin batzuk jasotzen dituen hitzarmena sinatzea da gure helburua eta ez prekarietateari ateak gehiago zabaltzen dizkiona. Eta horregatik jo dugu mobilizazioetara.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.