Gaur, otsailaren 13an, LABek hitzarmen duinak aldarrikatu ditu Arabako metalgintzan mobilizazio baten bidez. Gure ustez, metalgintza mahaia irekita dagoen honetan, sektoreak dituen arazo nagusiei erantzuna eman behar die herrialdeko hitzarmenak, baita enpresakoek ere.
Mobilizazioan hamarnaka pertsonek parte hartu dute “Arabako Metalean, hitzarmen duinak” lelopean Aldabe Gizarte Etxetik atera den manifestazioan, eta Gasteizko kaleak zeharkatu ondoren, SEAren egoitzaren aurrean bukatu da, Posta plazan.
Gaur egun Arabako metalgintzako mahaia irekita dago eta LABen ustez, SEAk bertan prekarietatea mantentzea besterik ez du bilatzen, sektoreko arazo nagusiei erantzunik eman gabe. Jakin badakigu, Arabako metalgintzan soldata baxua eta lanaldi altua daudela, azpikontratazioa eta ABLEen erabilpena zabaltzen ari dela, aldi bateko kontratazioa izugarria eta iruzurrezkoa dela, emakumeen presentzia eskasa dela eta diskriminazioak jasaten dituztela, lanean segurtasun falta dagoela, lan-erreforma eta estatalizazioa inposatzen direla,…
Horiek horrela, LABek arazo horiei erantzungo dieten hitzarmenak aldarrikatu nahi ditu, bai sektorean baita enpresetan ere. Eta hori SEAri exijitzeko egin dugu gaurko mobilizazioa eta hemendik aurrera abiatuko ditugun dinamikak sektore mailan zein enpresetan. Horien bidez, langileon inplikazioa bultzatu nahi dugu, horrekin lortu ahalko baititugu hitzarmen duinak.