2024-11-23
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaAsier Zamorano: "Gure bizitzetan prekarietatea inposatu eta kronifikatu nahi dutenen ardura mahai...

Asier Zamorano: “Gure bizitzetan prekarietatea inposatu eta kronifikatu nahi dutenen ardura mahai gainean jartzea ezinbestekoa da”

"Prekarietateari ateak itxi!". Horixe da Ernaik, larunbaterako, Bilbon, antolatu duen manifestazioaren leloa. LABek bat egin du deialdiarekin, eta gazte erakundeko bozeramaile Asier Zamoranorekin hitz egin dugu mobilizazioaren arrazoiak bertatik bertara ezagutzeko.

Otsailak 16an, 17.30ean, patronalaren sinbolo den Iberdrola dorre paretik abiatuko da Ernai gazte antolakundeak deitutako mobilizazio nazionala, "Prekarietateari ateak itxi!" leloarekin. Ernaiko bozeramaile Asier Zamoranorekin hitz egin dugu mobilizazioaren nondik norakoak ezagutzeko.

-Prekarietatea gero eta hedatuagoa dago lan munduan, baita eguneroko bizitzan ere. Nola bizi dute gazteek egoera hori? Zer nolako ondorioak ditu?

Betidanik lotu izan dugu prekarietatea lan munduko baldintzekin, baina azken urteetako bilakaerak egoera hori zeharo aldatu du. Azken hamarkadako krisiak prekarietatea bizitzako beste esparruetara hedatu du, eta lan baldintza kaxkarretatik harago, ezegonkortasuna eta heldulekurik gabe geratzea ekarri du gure bizitzetara. Azken finean, emantzipatu eta bizi-proiektu duina garatzeko ezintasunaren inguruan hitz egiten ari gara.

-Zein da prekarietatearekin amaitzeko bidea? Nola itxi ahal zaio atea prekarietateari?

Alde batetik, gure bizitzetan prekarietatea inposatu eta kronifikatu nahi dutenen ardura mahai gainean jartzea ezinbestekoa da. Patronala, azpikontratak, higiezin agentziak… Horiek guztiek erantzukizun zuzena dute gazteon egungo egoera prekarioagatik, eta euren papera eta jarduna salatu behar dugu. Baina horrekin batera, prekarietatearen aurkako neurri eta proposamen eraginkorrak planteatu eta borrokatzea ezinbestekoa izango da. Azken aste eta hilabeteetan borroka eredugarriak ikusi ditugu gure herrian: Huerta de Peralta, La Navaleko langileak, pentsionisten mobilizazioak… Horiek guztiek erakusten dute borrokak eta mobilizatzeak merezi duela eta posiblea dela egoerari buelta ematea.

-Bilboko Iberdrolaren dorretik abiatuko da larunbateko manifestazioa. Zergatik aukeratu duzue gune hori?

Iberdrola sistema esplotatzaile eta bidegabe oso baten sinbolo argia da, kapitalaren irudia. Boterearen eta eliteen eredua erakusten duena. Duela gutxi jakin izan dugu, gainera, munduko 26 pertsona aberatsenek aberastasun osoaren erdia metatzen dutela.

-Prekarietatearen aurkako borrokak kolektiboa izan behar duela defendatzen duzue. Bide horretan, zein urrats egin ditu eta egingo ditu, manifestazioaren ondoren ere, Ernaik?

Indibidualizaziorako joera duen gizarte honetan, borroka kolektiboa funstezkoa da prekarietatearen kontrako dinamika indartzeko. Zentzu horretan, badira gazte eremuan norabide berean lan egiten dauden hainbat eragile eta mugimendu. Horiekin guztiekin konfluentziarako puntuak eta espazioak topatzea izango da gure erronka handiena. Ernaitik bide hori abiatu dugu jada azken hilabeteetan, harreman ezberdinak garatuz eragile eta sektore horiekin; ziur gaude datozen hilabeteetan lan horren eamitzak jasoko ditugula. Alde batetik, larrialdi egoeraren salaketatik borrokarako aldarrikapen eta proposamen zehatzetara jauzi egiteko. Eta bestetik, mobilizazio berriak planteatu eta gazteria lehen lerrora ekartzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.