2024-11-24
HomeEkintza SindikalaElkarrizketa sozialaren izaera antidemokratikoa salatu dugu Lakuan bertan, mahaiaren lehen bileraren aurretik

Elkarrizketa sozialaren izaera antidemokratikoa salatu dugu Lakuan bertan, mahaiaren lehen bileraren aurretik

Delako elkarrizketa sozialaren mahaiko lehen bilera egin aurretik, LABeko 30 kide inguruk protesta-ekintza egin dute Eusko Jauralritzaren egoitza nagusian bertan, Gasteizen, mahaiaren izaera antidemokratikoa eta bere helburuak salatuz, langileak prekarizatu eta pobretzea ahalbidetzen duelako. Urkulluren politikak eta Confebasken planak onesteko espazioa da horrelako elkarrizketa sozialeko mahaia.

“Langileoi iruzurrik ez, demokrazia” lelopean egin dugu protesta Lakuan. Xabier Ugartemendia ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko idazkariak honakoa adierazi du: “Mahai negoziatzaile hau iruzur hutsa da. Lehenik eta behin, ez duelako langileen egoera kontutan hartzen. Eta bigarrenik, ez duelako ezer egin nahi langileen baldintzak hobetzeko. Mahai honek beste helburu bi ditu, zehatzak, Confebasken planak garatzen jarraitzearena, lan-zentroetan prekarietatea hedatzen jarraitzearena eta Urkulluren politika neoliberalak zuritzea. Hori gutxi balitz esan beharra dago mahai antidemokratikoa dela, ez duelako kontutan hartzen langileek ordezkaritza sindikala. Gehiengo sindikala baztertu egiten gaituzte eta gutxiengo sindikalarekin lortu nahi dituzte adostasunak. Eta hau zergatik? Gutxiengo sindikala osatzen duten sindikatuek sindikalismo otzana praktikatzen dutelako eta askoz errazagoa delako hauekin akordioak lortzea prekarietatea zabaltzen jarraitzeko eta politika neoliberalak zuritzeko”.

LABek protesta egin du Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian bertan, mahai horrek lan baldintzak eta soldata duinak bermatzeko helbururik ez duela agerian uzteko. Izan ere, EAEn ezarritako elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren politikei eta Eusko Jaurlaritzaren politika publikoei zilegitasuna ematea da, gehiengo sindikalei muzin eginez.

Eusko Jaurlaritzak, Confebask-ek, CCOOek eta UGTk delako elkarrizketa sozialaren lehen bilera izan dute Gasteizen, joan den urtarrilean Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko dekretua onartu eta gero. Bada, bileraren ordu berean, LABek Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusira bertara eraman ditu bere aldarrikapenak eta agerian utzi du, berriro ere, mahai horrek patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren politikei zilegitasuna emateko baizik ez duela balio. Lakuan egindako protestan, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.