2024-11-21
HomeEmakumeakMartxoak 8Martxoak 8, Greba feminista. KAPITALA HAUTSI, BIZITZARI EUTSI!

Martxoak 8, Greba feminista. KAPITALA HAUTSI, BIZITZARI EUTSI!

Duela urtebete, Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebara deitu ondoren, berton bizi garen emakumeok* kalera irten ginen eta planto egin genuen egunero eta bizitzaren arlo guztietan pairatzen dugun egiturazko bazterkeriaren aurrean. Indarkeria matxista, arrazakeria instituzionala, lan esplotazioa, zaintza erdigunean jarriko duten bizi proiektuak garatzeko ezintasuna, kontsumo basatia, heziketa diziplinatzailea, berriro ere genero rolen inposaketa…

Emakumeok* doan edo modu guztiz prekarizatuan egiten ditugun zaintza lanek bizitzaren sostengarritasunerako balioa eta garrantzia handia daukatela eta aitortuak izan behar direla aldarrikatzeko irten ginen. Hainbat zapalkuntza ardatzek zeharkatzen gaituztela eta, gainera, hainbat modutan eragiten digutela aitortu genuen. Ez dugu egoera bera pairatzen etxeko lanetan aritzen garen paperik gabeko migranteok, udaletxeren bateko langileok, bollerook, aniztasun funtzionala dugun emakumeok*, pentsiodunok, transak, bekariook edo lan prekarioak bata bestearen atzean kateatzen ditugunok, baina den-denok geunden nazkaturik, gogaiturik eta zerbait berri eta justuagoa eraikitzeko prest, bateratzen gaituen guztia aintzat hartuta, baina ezberdintzen gaituena saihestu barik.

Aurtengo proposamena da harago joatea eta grebaren arrazoietan sakontzea: aldarrikapenak birpentsatu eta zehaztu, Euskal Herria eremutzat hartuta, hau da, hemen, Euskal Herrian, eta orain, 2019an kokaturik. Jakinda nondik gatozen eta gure genealogia feministak onarturik, baina jakinda, era berean, nora goazen: zer lortu nahi dugun eta zelan lortu nahi dugun.

LABen zalantza barik atxikitu gara grebara, pasa den urtetik hona, egoera hobetu beharrean, are gehiago okertu baita. Sistema kapitalista kosta ahala kosta ahalegindu da gure diskurtso, lelo, salaketez jabetzen eta edukiz husten edo minimizatzen edo dominak jartzen ezer egin gabe. Kapitala morez jantzi da eta sinestarazi nahi izan digu mahaiaren alde berean jesarririk gaudela. Ezta hurrik eman ere: generoaren soldata arrakala oraindik badago lan esparru guztietan, gehienbat emakumeok* egiten ditugun lanei balio ekonomiko eta soziala kentzen zaie, zaintzak ez dira inorentzat lehentasun politikoa, emakumeok* ez daukagu ez denborarik ez baldintzarik zaintzeko eta duintasunez bizitzen jarraitu ahal izateko.

Enpresek egiten dituzten berdintasun planak euren burua zuritzeko tresna hutsak baino ez dira eta ez dute balio diskriminazio egoerei buelta emateko. Edozein eskaera sindikalen aurrean instituzioek publizitate handia baina mami gutxi duten planak aurkezten dizkigute. Ez dago zaintzarako inolako baldintza sozial, ekonomiko edo politikorik. Lan merkatuaren prekarizazioak bizitzen prekarizazioa ekarri du berarekin batera eta hau areagotzen ari da. Indarkeria matxista lan zentroetan eguneroko ogia da. Eskubideak pribilegio direla sinestarazten digute eta konplexurik gabe murrizten dizkigute edo deuseztatuko dituztela mehatxatzen gaituzte.

Honen aurrean ez gara besoak gurutzatuta geratuko, horrelakorik sekula ez dugu eta egin. Martxoaren 8an, 9an, 10ean eta egunero kalera irteteko badauzkagu arrazoiak soberan eta ez gara beldur, badauzkagu mila motibo eta ez dugu etsiko. Euskal Herri aske, feminista, antikapitalista eta antiarrazistan sinesten dugulako. LABen, sindikalismo feministaz, egunero ari garelako borrokan hiltzen gaituen sistema kapitalista heteropatriarkal honen kontra, lantokietan, bai eta etxeetan, kalean, lagunartean… ere, sistema horren gehiegikeriak seinalatzen, bere kontraesanak azalarazten, gure eskubideak exijitzen, kapitala eta bizitzaren suntsiketa salatzen. Herri honetako parte garelako eta uste dugulako bizitzak erdigunean jartzea eta zaintzak kolektibizatzea denon zeregina dela. Gure herria balio feminista, antikapitalista eta dekolonialetatik eraiki nahi dugulako eta jakin badakigulako ez dela posible ezer sortzea inor esplotaturik, ezta gutxi batzuentzat eskubideak defendatzea, gehiengoaren kontura… honengatik guztiagatik, grebara batu egingo gara!

Martxoaren 8an, sistema kapitalista heteropatriarkal kolonialista honen aurrean GREBA FEMINISTA!

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.