2024-12-20
HomeUncategorizedOrdezkaritza lortu dugu Pirinio Atlantikoko Departamentuko Laborantza Ganberan

Ordezkaritza lortu dugu Pirinio Atlantikoko Departamentuko Laborantza Ganberan

Pirinio Atlantikoko Laborantza Ganberako hauteskunde sindikalak urtarrilaren 31n izan ziren, eta Prefeturak atzo eman zuen emaitzen berri. LABek 3A eta 3B kolegioetan aurkeztu ditu zerrendak, emaitza bikainak lortuta.

3A kolegioan, nekazaritza ekoizpenaren kolegioan, sindikatua departamentuko bigarren indarra bilakatu da, 100 boto eskuratu eta gero (%27,62, delegatu 1). Lehen indarra izateko zorian egon da LAB, bi botorengatik ez baitu irabaztea lortu, lehenak, CFTC-k, 101 babes jaso baititu (%27,90, delegatu 2). 3B kolegioan, berriz, bigarren indarrarekin berdindu dugu, 243 botorekin. Berdinketa hausteko, zerrendaburu helduenarentzat izan da ordezkaritza, eta arrazoi hori dela-eta ihes egin digu delegatua izateko aukerak. Hala ere, emaitza bikaina izan da, boto kopurua nabarmena izan baita.

LAB Euskal Herri osoan hedaturik dagoen sindikatua izanik, tokiko errealitateari eta beharrei egokitu ohi da, langileen kezketatik ahalik eta hurbilen egoteko. Hala, Ipar Euskal Herriko laborantzarako ere Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako langileen aldarrikapen hauek defendatzen ditugu: lan baldintzen hobetzea; ordu guztiak deklaratuak eta ordainduak izatea; gutxieneko 1.500 euroko hilabete sari garbia denentzat; kontratu prekario eta lanaldi partzial inposatuen debekatzea; eta lan orduen barruan kalitatezko formakuntza profesionala egiteko eskubidea.

Laborantza Ganberan lortutako emaitza oparoei gehitu behar zaizkie azken hilabeteetan Funtzio Publikoan lortutakoak. Hain zuzen ere, ordezkariak eskuratu ditugu Hendaia, Kanbo eta Urruñako udaletan, baita Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoan eta Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitalgunean ere.

LABen presentzia Ipar Euskal Herrian gero eta nabarmenagoa izateaz gain, ordezkaritza izan ohi dugun lantokietan ere indartsu jarraitzen dugu; Hendaiako Sokoa enpresan, kasu, non LABek bosgarrenez irabazi dituen hauteskunde sindikalak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.